Mutiloako ondarea ezagutzeko txangoa egingo du bihar Burdinolak
Burdinolakoek legazpiarrei erakutsi nahi die alboan duten ondarea. Elkartearen helburua inguruko ondarea jasotzea, ikertzea eta zabaltzea da. Beatriz Herrerasek egingo ditu zubi lanak.
Legazpiko Burdinola elkarteko kideak bisitan joango dira bihar Mutiloara, bertako paisaia eta ondarea ezagutzera. Beatriz Herreras historiagile eta ondarean adituak gidatuta, Mañestegiko meatze instalazioak eta Errotatxo eraikineko errota eta ehundegia ezagutuko dituzte goizean zehar.
Burdinarekin lotutako ondarea aztertzeaz eta kontserbatzeaz arduratzen den Burdinola elkarteak aspalditik du harremana Beatriz Herrerasekin, Goierrin jarduten duten beste hainbat arkeologo eta historigilekin bezala. Une honetan, Burdinolarekin batera Legazpiko proiektu batean murgilduta dagoela baliatuta, Mutiloako Errotatxo bisitatzeko aukera sortu zen, eta bazkideen artean egindako proposamenak oso harrera ona izan zuen. Autobusa jarri dute, txikia, Mutiloako bideeetan ezin delako handiagorik sartu.
Burdinalko arduradunek adierazi dutenez, «ohartu gara, orokorrean, urrutiko ondarea hobeto ezagutzen dugula bertakoa baino. Pentsa, ordu laurden batera daukagun herriko ondarea ez dugu ezagutzen». Txangoaren antolatzaileek aipatu dute hori aldatu nahi dutela, Legazpirekin herrikidea den Mutiloara txangoa eginda.
Beatriz Herrerasek gustura hartu du gonbidapena eta prest dago bihar Mutiloako meatze paisajea eta errota zaharra Burdinolakoei erakusteko. «Mañestegizarretik abiatuko gara. Hara eramaten zuten mea garbitzeko, eta Barrenolara jaisten zuten ondoren, Ormaiztegira trenez bidaltzeko. Ormaiztegitik, Europara zabaltzen zen burdin mea», esan du.
Mutiloako kaskoan jarraituko du bisitak, Errotatxon, «herriko ondare elementu garrantzitsua da, eta udalak lan handia egin du berreskuratzeko». Eraikina bi zatitan dago banatuta, errotaren aztarnak dituena da bat, eta oraindik erabilera erabaki gabe duen zati berria bestea. Iaz egin zituzten berritze lanak eta Passive house sisteman oinarrituta eraiki zuten, klimatizatzeko kontsumorik behar izan ez dezan.
Eraikinean Telleria ehun fabrika zaharretik berreskuratutako ehungailu bat ere badago gordeta, eta hori ikusteko aukera ere izango dute.