Ostegun Gorria hasi da
Ilintik planto egin nahi dio Black Friday-ri. Bezeroei dendariekin argazkiak ateratzeko eskatu die, eta 800 euroko sariak banatuko ditu. Kortxoen porran parte hartzeko azken eguna da gaur.
Merkatariekin argazkia ateratzea eskatu du Ilintik. ILINTI Ilintik kanpaina berezia jarri du martxan Ostegun Gorria izenarekin, ‘black friday’-ren publizitate mezuari eta deskontuei aurre egiteko. Black friday kanpainak komertzio txikiak kaltetu egiten dituela argi du, eta terminologiatik hasita egin dio planto.
Hori dela eta, euskal hitzak erabili ditu hilaren 24ra arte luzatuko den Ostegun Gorrirako. Izen horrek «gertutasuna eta egonkortasuna adierazten du, konfiantza eragiten du eta ez du puntuala izan nahi, hau da, pagotxekin lotutakoa soilik». Horren aurrean, herriko merkatariak prest daude bezeroak entzuteko eta ulertzeko, «bere premiei erantzun ahal izateko, salmenta ondorengo zerbitzua ematekoa eta harreman egonkor bat eskaintzeko».
Ostegun Gorriaren sariak
Ostegun Gorriak sariak ere izango ditu, eta Ilintik 800 euro banatuko ditu zozketa bidez, 100 euroko zortzi baletan banatuta.
Kanpainako zozketan parte hartzeko, argazkia edo selfy-a atera behar da merkatari batekin. «Gustuko duzun dendaria, esperientzia ona izan duzun denda batekoa, edo herri edo eskualde mailan erreferentziazkoa den komertzio batekoa izan daiteke». Argazki hori Facebook edo Instagramera igo beharko da, erosketaren unea hitz bakar batekin deskribatuz, eta #ostegungorriailinti traola erabiliz.
Guztien artean zozkatuko dira 100 euroko txartelak. Zozketa hilaren 25ean egingo dute.
Kortxoen erronka
Ilintik beste kanpaina bat ere badu indarrean egun hauetan, eta bi dendatan banatutako kortxoen kopurua asmatzeko erronka egin die legazpiarrei.
Kortxoak Arantzazu auzoko Nuñez mertzerian eta Kale Nagusiko Cristina arropa dendan daude, erakusleihoetan, kristalezko ontzi banatan jasota.
Gaur iluntzera arteko epea dute legazpiarrek Ilintiko bazkideen dendetan dauden txarteletan zenbaki bat jarrita, apustua egiteko. Bi dendetako kortxoak hartu behar dira kontuan, eta zenbaki zuzenera gehien hurbiltzen denak 500 euroko saria irabaziko du.













