Adrian Rescalvo eta Nerea Azkona izango dira Igartza musika bekaren onuradunak
Aurtengo ekitaldian, inoizko parte hartze handiena izan da, eta hori, positiboki baloratu du Beasaingo Udalak, beka honen sustatzaile denak.
Igartza musika bekaren zazpigarren edizioa izan da aurtengoa. Larunbatean, Beasaingo Igartza jauregian egin zituzten audizioak eta partaide guztien emanaldien ondoren, epaimahaiak aurtengo onuradunen izenak publiko egin zituen. Gradu mailan, Valentziako Adrian Rescalvo Garcia, kontrabaxu jotzaileak, diploma eta 2.000 euroko diru-saria jaso zituen. Master mailakoan, berriz, Nerea Azkona Galarraga harpa jotzaile donostiarra izan zen, diploma eta 3.000 euro jaso zituena.
45 partaide guztira
Aurtengo ekitaldian, inoizko parte hartze handiena izan da, eta hori, positiboki baloratu du Beasaingo Udalak, beka honen sustatzaile denak. Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak aukeratutako ikasle onentsuenak izan dira partaideen artean, 45 guztira.
Bestalde, Udalak eta Musikenek eskerrak eman nahi dizkiete sariketako parte-hartzaile guztiei eta bertaratu zen publikoari.