Beasaindarren artean dauden arrakalak gutxitzeko bidean aukera bat galdu dela uste du EH Bilduk
2023 urteko udal zerga eta tasak izoztea "onargarria" dela iritzi du EH Bilduk, baina, "gizarte justuago" baten alde, "fiskalitate progresiboa" defendatu du.
2023 urteko udal zerga eta tasak izoztea onartu zuen Beasaingo Udalbatzak urriko osoko bilkuran, EAJren (10) eta PSE-EEren (2) aldeko botoekin, eta EH Bilduren abstentzioarekin. Erabakiaren irakurketa sakonagoa egin nahi izan du Beasaingo EH Bilduk. Irudi dute, gaur egungo testuinguruan “onargarria” dela hartutako erabakia. Dena den, “fiskalitate progresiboaren aldeko jarrera defendatu” dute, hau da, “gehiago duenak gehiago ordaintzearen alde” daude.
Ordenantza fiskalak “eredu politiko ezberdinen arteko adierazgarri nagusietako bat” dela adierazi du EH Bilduk, eta “herritarren ekarpenen zenbatekoaz gain, arlo bakoitzean bultzatu nahi den norabide politikoa erakusten” dutela. EH Bilduk, “herritarren artean dauden arrakala ekonomiko eta sozialak gutxitzeko eta ezberdintasunak murrizteko erreminta bezala” ulertzen ditu.
Hainbat proposamen
Lerro horretan, hainbat proposamen mahai gainean jarri zituztela jakinarazi du EH Bilduk. Hala nola, diru sarreren araberako zerga eta hobari sistema bat aplikatzea, bada, “Beasainen berdina ordaintzen du 80.000 euro edo 15.000 euroko diru sarrerak dituenak”. Etxebizitza politika eraldatzea eta Beasaingo alokairu parkea handitzeko, etxebizitzei errekargua egitea Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, eta alokatuak diren etxeei hobaria ezartzea. Proposatu duten beste neurri bat da, zero emisiorako ibilgailuen hobariez gain, erregai fosildunen artean ere gehien kutsatzen dutenek gehiago ordaintzea. Eta azkenik, zaborrei dagokienez, sorkuntzaren araberako tarifa bat ezartzea.
Udalbatzak hartutako erabakiarekin “beasaindar guztiak zaku berean sartzen dituen fiskalitatea” onartu dela ondorioztatu du EH Bilduk, eta “jendarte justuago baterantz, beasaindarren artean dauden arrakala eta ezberdintasun sozialak murrizteko helburuarekin, buru belarri lanean jarraituko” dutela nabarmendu dute.