Hub 4.0 laborategia inauguratu du Goierri Valley-k
Eraldaketa digitala sustatzea eta enpresa txiki eta ertainei teknologia berri horietara hurbiltzea da laborategiaren helburua. Goiekiren bidez, eskualdeko 18 udalen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin egin da.
Goierri Valley-k Hub 4.0 laborategia inauguratu du, Goierriko Berrikuntza Poloan. Eraldaketa digitala sustatu eta 4.0 teknologiak enpresa txiki eta ertainetara hurbiltzeko laborategia izango da. ETEk aukera izango dute teknologia berri horiekin esperimentatzeko. Hub 4.0 ezagutu edo bisitatu nahi duten enpresa edo erakundeek www.goierrivalley.com webgunearen bidez, hub4.0@goierrivalley.com helbide elektronikoan edo 943 16 00 40 telefono zenbakian jarri daitezke harremanetan. Interesa duten guztientzat irekita egongo da.
Goiekiren bidez, Goierriko 18 udalen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin jarri du Goierri Valley-k martxan proiektua. Proiektua abiarazi aurretik, eskualdeko 350 zerbitzu eta industria enpresa bisitatu zituzten Goiekiko kideek, diagnosi bat egiteko, eta diagnosi horretan ondorioztatu zuten digitalizazioa dela enpresen kezketako bat. “Eskualde mailan zerbait eskaintzeko bidean proposamen orokor bat garatu genuen, Goierriko udalei azaldu genien eta baiezkoa jaso genuen”, azaldu du Iker Galparsoro Goiekiko gerenteak. Udalek aurrekontu gehigarri bat jarri zuten ekimenerako. “Helburua enpresa txiki eta ertainetara iristea da”.
Lau makina mota desberdin ditu laborategiak. ETEak eraldaketa digitalera hurbiltzeko, hainbat zerbitzu eskainiko dituzte laborategiaren bueltan: formakuntza espezifikoak egingo dituzte alderantzizko ingeniaritzan, simulazioetan eta fabrikazio gehigarriko materialen propietate mekanikoetan; sentsibilizazio jardunaldiak ere egingo dituzte, teknologia horien onurak azaltzeko; lagin gisa balioko duten prototipoak ekoitziko dira, inbertsio bat egin aurretik ETEak teknologia horietara gerturatzeko: eta showroom espazio bat egokituko da, Goierri Valley-ko bazkideek 4.0 teknologietan eskaintzen dituzten soluzioak azaltzeko. Enpresa bakoitzaren beharrak aztertuko dira, beharrezko teknologia aplikatu ahal izateko. Industria-sektorearen eraldaketa digitalaz harago, beste hainbat sektoretan aplikagarria izan daiteke: ingeniaritza, fabrikazioa, osasun-sektorea, hezkuntza, bitxigintza…
Josean Guerra Goierri Valley-ko presidenteak azaldu duenez,”elkarlana bultzatuz, teknologia gama zabala izan eta bertatik ikasteko” aukera izango da. Dagoeneko enpresa batzuek aplikatu dituzte teknologia batzuk. Bi enpresak kontsumitu dituzte Hub0 eskaintzen dituen teknologiak, eta beste bik benetako aplikazioetan izan ditzaketen onurak jakiteko interesa agertu dute. Lau enpresa horietatik hiru ETEak dira.
Eusko Jaurlaritzaren laguntza
Proiektuaren lehenengo faserako 300.000 euroko diru laguntza jaso du Goierri Valley-k Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailetik, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzatik. Hasierako inbertsioa 380.000 eurokoa izan da. Hurrengo urtera begira beste fase bat egitea planteatzen ari dira.