Goiargi abesbatzak 40. urteurrena ospatuko du larunbatean
Garai bateko eta egungo ia 100 kidek kontzertua egingo dute mertzedarien elizan.
Goiargi abesbatzak 40 urte bete ditu eta lehen ospakizuna larunbat honetan egingo dute. 12:00etan meza egingo dute mertzedarien elizan. Bertan, hildako kideak oroituko dituzte. Mezan, Goiargiko kideek abesbatzaren historian garrantzitsuak izan diren kantak abestuko dituzte. Ondoren, kontzertua oso berezia egingo dute: lehen zatian egungo kideek abestuko dute, bigarrenean ahots zuriek eta hirugarrenean garai bateko eta egungo kideek. Bukatzeko, elkarrekin bazkalduko dute.
Lehen zatian egungo errepertorioko obrak abestuko dituzte. Bigarren zatian emakumeek bakarrik abestuko dute eta Xabier Barriolak zuzenduko ditu. Izan ere, Goiargi emakume talde batek sortu zuen. Barriola bigarren zuzendaria izan zen. Lehen zuzendaria Antonio Rey izan zen. Hirugarren zatian, egungo eta garai bateko kideek lau kanta abestuko dituzte.
Ekitaldiak gaur aurkeztu dituzte beraien egoitzan. Aitor Gastañares lehendakariak, Javier Arratibel zuzendariak eta Lurdes Idiakez, Lurdes Rodriguez, Inazio Uriarte eta Mari Carmen Viedma taldeko kideek parte hartu dute.
Goiargiko kideek eta kide ohiek asteak daramatzate larunbateko kontzertua prestatzen. Horra hor Arratibelek entseguetan ateratako argazki batzuk.
Eta Otamotz aldizkariak Goiargiren 20. urteurrenean argitaratu zuen erreportajea irakurtzeko, sakatu hemen (12. eta 13. orrialdeak).