‘Zer egiten duzu indarkeria matxistaren kontra?’ sormen lehiaketan parte hartzeko azken egunak dira
Azaroak 25 emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunaren inguruan Beasaingo Udalak antolatu dituen sentsibilizazio ekintzen artean dago sormen lehiaketa. Azaroaren 24ra arte dago lanak bidaltzeko aukera.
Aurten, Beasaingo Udalak azaroaren 25 emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunaren inguruan antolatu dituen sentsibilizazio ekintzen artean, Beasaingo herritar guztiei zuzendutako sormen lehiaketa antolatu du. Gogoratu, parte hartzeko azken eguna azaroaren 24a izango dela. Lehiaketaren gaia: Emakumeen aurkako indarkeriak: zer egiten dut indarkeria matxistei aurre egiteko? da.
Gaia ardatz hartuta lana bideo formatuan aurkeztu behar da, baina bertan agertuko den grabaketan edozein sorkuntza mota agertu ahal izango da. Adibidez, marrazkiak, eskulturak, argazkiak, bertsoak, idazkiak, irakurketak, dantzak, antzerkiak etab.
Bideoak gutxienez 3 segundoko iraupena izan beharko du eta gehienez 300 segundokoa (5 minutu) eta banaka edo taldeka parte hartu ahal izango dute. Goierri eskualdeko herri batean erroldatuta dauden edozein adinetako biztanleek hartu dezakete parte. Adin txikikoek adin nagusiko arduradun bat izan beharko dute.
Saridunen artean, Beasaingo saltoki txikietan gastatzeko 200 euroko, 150 euroko eta 100euroko erosketa bonoak banatuko dira. Lehiaketari buruzko informazio gehiago eta parte hartzeko esteka.
Izen ematea
Lehiaketan parte hartzeko Beasaingo Udalaren webgunean izena eman eta galdetegi bat bete behar da. Zalantzak argitzeko, idatzi berdintasuna@beasain.eus epostara edo deitu 688 768 608 telefono zenbakira (astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 17:00ak arte).