Azaroaren 25aren harira antolatutako ekintzak iragarri dituzte Beasainen
Beasaingo Udaleko ordezkariekin batera Asmube, Oriako lamiak, Arroua eta Asanblada feministako ordezkariek parte hartu dute gaurko aurkezpenean. Azpimarratu dute emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzea "guztion ardura" dela.
Azaroaren 25a, emakumeenganako indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaren atarian, egun horretako aldarrikapenarekin bat egin dute Beasaingo Udalak eta tokiko emakume elkarteek -Asmube eta Oriako Lamiak- eta asanblada feministak. Gaur goizean udaletxeko areto nagusian, Leire Artola Beasaingo alkatea buru zutela, “emakumeek jasaten duten indarkeria mota honen aurka” konpromisoa berretsi dute, eta bat egin dute EUDELek zabaldutako adierazpenarekin, non irmoki salatzen den emakumeen aurkako sexu-jazarpena eta beste sexu-indarkeria mota batzuk espazio publikoetan.
Leire Artola alkateak Udalak orain arte bezala “baliabide guztiak indarkeria mota honi aurre egiteko bideratuko” dituela berretsi du. Emakumeen beraien eskubidea aldarrikatzeaz gain, norberaren askatasun indibidual eta kolektiboaren garapena bermatzea “ezinbestekoa” dela deritzo.
Era berean, “gizonen eta emakumeen artean dagoen desberdintasuna agerikoa izaten jarraitzen” du gogoeta egin du Artolak; “batzuek eta besteek bizitza publikoan parte hartzeko izan dezaketen erabileran, bai eta hirietako eta herrietako kaleez gozatzeko eta haiez jabetzeko orduan ere”. Beasaingo alkateak nabarmendu du, “sexu-indarkerian jarri nahi da fokua, izan ere, mundu osoko emakumeak eta neskatilak espazio publikoan sufritzen ari dira”. Eta honela zehaztu du, “jai eta aisialdi testuinguruan gertatzen den sexu-indarkeriak emakumeen sexualitatea kontrolatzeko funtzio hori betetzen du”.
Horren haritik gogoratu du. “euskal politika publikoen eta administrazioen betebeharra eta helburua da eskura dituen estrategia eta mekanismo guztiak sustatzea, emakumeek eta neskek beren herritartasun osoa gauzatu ahal izateko hiri eta herrietako espazio fisikoan, eta horiek erabiltzea, berdintasun-baldintzak bermatuta”. Administrazioaren ardura ere badela zehaztu du, “toki administrazioei dagokie, beren politika publikoen eta hiri-plangintzaren bidez, espazio publikoak emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko leku lagunkoi bihurtzea”.
Amets Arrospide Berdintasun zinegotziak hartu du hitza jarraian, eta azaroaren 25aren bueltan antolatu dituzten ekitaldien berri eman du.
Egitaraua:
- Azaroaren 23an, arratsaldeko 18.00etan, Asmube elkarteko abesbatzaren erakustaldia eta Kristina Galarraga idazle beasaindarraren azken liburuaren aurkezpena egingo dira Igartzako jauregian.
- Azaroaren 24a arte, aurtengo sormen lehiaketarako lanak aurkeztu ahal izango dira: Zer egiten dut indarkeria matxistei aurre egiteko? da aurtengo gaia.
- Azaroaren 25ean, arratsaldeko 18.30ean Erauskin plazan, duela bi urte sortutako dantza berreskuratu eta dantzatuko da, Esku dantza Irradakan. Jarraian, 19:00etan, elkarretaratzea. Udalak, eta elkarte feministek, herritarrei dei egiten die elkarretaratzean parte har dezaten, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko.
- Azaroaren 26an, 18:00etan, Gernika pasealekuko frontoian, aurtengo Sormen lehiaketaren sari emate ekitaldia burutuko da. Ordu erdi beranduago, diziplina anitzeko Emakumeak izeneko proiektuak, dokumental, eleberri, grafiko eta dantza ikuskizuna eskainiko da.
- Azaroaren 25a arte, AHLAM, bizitza batekin amestuz erakusketa Igartzako burdinolan. Emakume palestinarren egoera ikustarazteko irudiek osatzen dute.
Bestalde, gogoratu Igunean eskuragarri egongo dira txapa moreak eta Maddi Aiestaranek idatzitako bertso ilustratua.
Egitarauaren antolatzaileek azpimarratu dute emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzea “guztion ardura” dela.