Bi goierritar argazkizaleren irudiak aldundiaren egutegian
Imanol Zubiaurre beasaindarraren eta Miguel Cavero ordiziarraren argazkiak sarituak dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2023ko egutegiaren argazki lehiaketan.
Gipuzkoa koloretan gaitzat hartuta jokatu da aurten Gipuzkoako Foru Aldudiaren 2023ko egutegiaren argazki lehiaketa. Simon Arrigainek Hondarribian ateratako argazki batekin irabazi du lehiaketa –egutegiaren azaleko irudia izango da–, eta baina horrez gain beste hamabi argazki saritu dituzte, tartean Imanol Zubiaurre beasaindarraren eta Miguel Cavero ordiziarraren irudi bana.
Aurreko edizioetan bezala, 4.000 euro banatu ditu foru aldundiak sarituen artean. Arrigainek 1.000 euroko saria jaso du, eta beste hamabi argazkizaleek 250na euroko sari bana. Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Argazkilaritza Elkarteko ordezkariek osatutako epaimahaiak aukeratu ditu egutegiko 13 argazkiak. Baloratu dituzten arloen artean daude irudien kalitate tekniko zein artistikoa eta aurtengo gaiarekin duten lotura. 18 urtetik gorako argazkilari zaletuek zein profesionalek parte ahal izan dute ekimenean, eta gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izan dira pertsona bakoitzeko.