"Erantzukizuna eta ardura gizonengan" jarri du Bilgune Feministak
Bilgune Feministaren esanetan, fokua "eraso matxisten ulerkera eta horien aurkako erantzunen antolakuntza feminista" da.
Bilgune Feministak “erantzukizuna eta ardura gizonengan jarri” nahi duela agertu du Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguneko adierazpenean. “Patriarkatuak nolakotasun berriak aurkitu” baditu ere, “indarkeriak bere horretan jarraitzen” duela eta “nazkatuta” daudela salatu dute.
Eraso matxistek hartzen duten forma konkretuez harago, fokua “eraso matxisten ulerkera eta horien aurkako erantzunen antolakuntza feminista” dela aldarrikatu dute.
“Olatu feministak iritsi zirenean, gizon batzuek ondo ikasi zituzten diskurtso eta azaleko jarrerak. Lotsarik gabe erabili dituzte ikasitakoak. Patriarkatua ere ez da lotsatu. Ez da aldatu, bere horretan jarraitzen du; olatu feminista bakoitzak lortutako garaipenen aurrean oldartu egiten da. Ikusi dugu nola sistema kapitalista heteropatriarkalak feminismoaren termino eta iruditegietatik etekina atera duen bezala, gizonek ere berdintsu egin dutela. Itxurak ez baitu errokoa aldatzen. Are gehiago pandemia osteko gariotan. Non sistema heteropatriarkal kapitalista sostengatzen duten mekanismoak esplizituago ikusten diren; sistema heteroarautzailea, sexuaren araberako lan banaketa agerikoa, sektore feminizatuen muturreko prekarietatea… Indarkeria bere zentzu zabalenean”.
Feministek hamaika forma horiei aurre egiteko moduak aurkitu dituzte, eta Bilgune Feministaren hitzetan, “autodefentsa feminista da tresna”. Autodefentsa feminista dute “lanerako, erantzuteko, pedagogiarako eta bizitzen defentsa eraikitzeko erreminta”. Antolatzeko eta espazio kolektiboak sortzeko deia egin dute. “Ezin daitekeelako uka feminismoak duen gaitasun politizatzailea eta sistema iraultzeko duen indarra. Kaleak hartzeko prest gaude eta ez gaitu inork geldituko, ez gaituzue geldituko”.