Eskola Zaharra tabernak irabazi du Ormaiztegin Elegante Eguneko pintxo lehiaketa
Larunbatean bozkatu zuten herritarrek pintxo gustukoena, VII. Pintxo Lehiaketan parte hartu zuten hiru tabernetan. Eskola Zaharra tabernako Enrique Espinosak jaso du lehen saria. Jubilatuen jokoetako emaitzak ere eman ditu udalak.
Zumalakarregi Museoak gaur jakinarazi du Elegante Eguneko VII. Pintxo Lehiaketako irabazlearen berri. Larunbatean izan zen lehiaketa, eta hiru taberna izan ziren parte hartu zutenak: Murua, Eskola Zaharra eta Arana. Kuiatxoa (kalabazina) erabili behar zuten, nahitaez, osagai nagusitzat.
Herritarrek eurek jokatu zuten epaile papera, bakoitzean puntuak banatuz eta gustukoena aukeratuz. Behin botoak zenbatuta, Eskola Zaharra Tabernak lortu du puntu gehien: 10etik 9,11ko nota lortu du. Goizean eman diote saria hango arduradun Enrique Espinosari, museoko koordinatzaile Lurdes Azpiazuk eta Jone Usabiaga zinegotziak.
Horrez gain, boto-emaile guztien artean sari berezia zozkatu dute, Kuko jatetxean bi lagunentzat otordua. Josebe Peralto izan da zorteduna, eta haren amak, Casi Arnaizek, jaso du saria.
Bestalde, eta San Andres jaien aurretik Oin-Harriak jubilatu elkartean egin zituzten jokoen emaitzak ere argitaratu ditu Ormaiztegiko Udalak. Lehengo astean, asteazkenetik ostiralera jokatu zituzten hainbat lehiaketa.
Hauek dira irabazleak:
- Puntu txapelketa. Juan Zufiria eta Jose Artola.
- Botea eta toka. Bernardo Osinalde.
- Igela. Maite Tolosa.
- Musa. Javier Azpiazu eta Estanis Andola.