Espazio publikoaren erabileran eta sexu-jazarpenean jarri du fokua Eudelek
Sei konpromiso hartu ditu EUDELek azaroaren 25aren harira. Tokiko administrazioei eskatu diete, politika publikoen eta hirigintza planen bidez, espazio publikoak emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko leku bihurtzea.
EUDELek, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira argitaratutako adierazpenean, emakumeen espazio publikoa berdintasun baldintzetan erabiltzeko eta gozatzeko eskubidea aldarrikatu du: “Hitz batez, norberaren askatasun indibidual eta kolektiboaren garapena bermatzea”. Adierazi dute, nahiz eta “banaka egindako ahalegin tematiaren bidez aurrerapenak lortu” diren, espazio publikoak eta pribatuak gizonen eta emakumeen artean banatzeko dikotomia “agerikoa” dela oraindik, “batzuek eta besteek bizitza publikoan parte hartzeko izan dezaketen erabileran, bai eta gure hirietako eta herrietako kaleez gozatzeko eta haietaz jabetzeko orduan ere”.
Erabilera murrizten duten mekanismoen artean, fokua sexu-indarkerian jarri dute, “mundu osoko emakumeak eta neskatilak espazio publikoan sufritzen ari” baitira.
“Emakumeen eta nesken aurkako sexu-indarkeria, indarkeria matxista normalizatuaren testuinguruan, helburu argia du, funtzio sozial zehatz bat: emakumeak kontrolatzea eta haien askatasuna murriztea, hain zuzen ere. Zehazki, jai- eta aisialdi-testuinguruetan gertatzen den sexu-indarkeriak emakumeen sexualitatea kontrolatzeko funtzio hori betetzen du. Era berean, haien nahia, gorputza, mugikortasuna, espazio publikoko okupazioa, gizarte-harremanak eta berdintasun baldintzetan gozatzeko eskubideak kontrolatzea ere. Beraz, euskal politika publikoen eta administrazioen betebeharra eta helburua da eskura dituen estrategia eta mekanismo guztiak sustatzea, emakumeek eta neskek beren herritartasun osoa gauzatu ahal izateko gure hiri eta herrietako espazio fisikoan, eta horiek erabiltzea, berdintasun-baldintzak bermatuta”.
Aldarrikapena “ez dela segurtasunera mugatzen” azpimarratu dute, “baizik eta espazio batean bizitzeko sarbidera eta askatasunera zabaltzen dela”. Tokiko administrazioei eskatu diete, politika publikoen eta hirigintza planen bidez, espazio publikoak emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko leku bihurtzea.
Sei konpromiso zehaztu ditu Eudelek:
- Era sakonean ezagutzea emakumeei espazio publikoa ukatzeko modu anitzak, tokiko politiken diseinuan eta garapenean kontuan hartzeko.
- Lege eta politika integralen ezarpen eraginkorra bultzatzea, espazio publikoetan sexu-indarkeriari aurrea hartzeko eta erantzuteko. Eta, era berean, gaitasunak, sentsibilizazioa, komunitate-mobilizazioa eta beste estrategia batzuk garatzea.
- Aldaketak bultzatzea jarreretan eta portaeretan, emakumeek eta neskatoek indarkeriarik gabeko espazioez gozatzeko dituzten eskubideak bermatze aldera. Hori gauzatzeko, errespetuzko genero-harremanak, genero-berdintasuna eta segurtasuna sustatzea espazio publikoetan.
- Inbertsioak sustatzea, espazio publikoetan hautemandako segurtasun errealari dagokionez; genero-ikuspegia ziurtatzea hiri-plangintzan, emakumeen beharrizanak kontuan har daitezen.
- Berdinsarea tokiko jardunbide sare gisa indartzea, ekimenei eta jardunbide egokiei buruzko ezagutza-trukea errazteko. Eta hiri eta herri seguru eta inklusiboak lortzeko, emakumeentzat eta neskentzat.
- Beste erakunde eta administrazio batzuekin lankidetzan aritzea, Emakunde eta foru-aldundiekin besteak beste; gizarte-taldeekin, feministekin, ere, emakumeek eta neskek aukera izan dezaten espazio publikoaz segurtasunez eta berdintasunez gozatzeko.