Gabiriako Ostatuan aterpetxea egokitzeko lanak egingo dituzte
Ganbaran 24 oheko aterpea jarriko du udalak. Teilatuaren egitura aldatu beharko da solairu osoan espazioa irabazteko. Lanak esleitzeko lehiaketa-deialdia egin du, 192.500 euroko aurrekontuarekin.
Gabiriako Ostatuan aterpetxe bat jartzeko proiektua gauzatzera doa udala. Eraikinaren ganbaran egokituko dute 24 oheko aterpea, taldeentzat pentsatuta. 122 metro koadroko areto handi bat sortuko dute, teilatupean. Bi bainugela eta 63 metroko koadroko egongela-jangela bat ere sortuko dituzte.
Horretarako, eraikinaren teilatuaren egitura birmoldatu beharko da. Gaur egun hiru isuritara dauka teilatua, eta bitara moldatuko dute. Atzealdean horma luzatu, eta igogailu-eskailera dorrearen pareraino luzatuko dute teilatua, bi aldetara.
Ostatuaren teilatua berritzeko proiektua eta lanak esleitzeko lehiaketa deialdia atera ditu udalak. Eskaintzak aurkezteko epea abenduaren 7ra artekoa da. Aurrekontua guztira 192.480,76 euro da (BEZa barne). Lanak egiteko epea 3 hilabetekoa da.
Ganbarako berrikuntzaz gain, Ostatuko lehen solairuan lau logela egokitzea ere bada asmoa, bakoitza bere bainugelarekin. Balentzategi herri eskolako ikasleen jangelak ere han jarraituko du, oraingo lekuan, sarbide independentea atzetik duela.
Eskolako etxebizitza gelatarako birmoldatua
Bukatuta dagoena, Balentzategi herri eskolaren Oroitz-Ona etxeko obra da. Irakaslearen etxebizitzari izaera hori kendu dio udalak, han bizi zen irakaslea abuztuan erretiratu ondoren, eta ikastetxearen erabilera zuzenerako gela zabal bat egokitu dute.
Barruko hormak bota, eta gela modura erabiltzeko espazio zabal bat sortu dute. Egurrezko zoru berria bota dute, eta hormak berdindu eta zuritu dituzte. Terrazaren aldera, gela txikiago bat utzi dute, sukaldetxo bat jartzeko modukoa. Komunak berriak egin dituzte, sarrerako korridorean.
Orain arte eskola-etxeko ganbaran zeuden gelak lehenengo solairura aldatuko dituzte.
Argazkiak: Aimar Maiz