Indarkeriari aurre egiteko "tresna eraginkorrena autodefentsa feminista" dela aldarrikatu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak
Indarkeria instituzionala, lan esparrukoa, etxean jasandakoa edota heteroarautik ateratzeagatik jasandako indarkeria ere salatuko dute deialdietan. Herrietan ere antolatzeko eta deialdietan parte hartzeko deia egin dute.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak, Beldurra eta kontrolaren aurrean, justizia feminista lelopean antolatu ditu aurten Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Aurkako Eguneko mobilizazioak. Antolakuntza feminista eta autodefentsa feminista oinarri, sexu-erasoez gain, “indarkeria matxistak hartzen dituen beste hamaika forma salatzera ere aterako” dira kalera: indarkeria instituzionala, lan esparruan jasandakoa, etxean jasandakoa edota heteroarautik ateratzeagatik jasandakoa.
“Urteak daramazkigu indarkeria horiei guztiei aurre egiteko antolatzen eta borrokatzen. Badakigu hori dela bidea; gure arteko sareak eraiki, elkar zaindu, borroka komunak martxan jarri, ardurak hartu, gizonak interpelatu eta sistema errotik aldatzeko bideak eraiki. Autodefentsa feminista da horretarako dugun tresna eraginkorrena eta antolakuntza feministaz boteretuko gara”.
Gizonei exijitu diete “dagokien ardura eta erantzukizuna hartzeko, eta erasotzaile eta konplize izateari uzteko”. Euskal Herriko bost hiriburutan deitu dituzte manifestazioak. Herrietako deialdietan ere parte hartzera deitu dituzte herritarrak.