Santa Zezilia eguna ospatuko dute Beasainen ere
Gaur arratsaldean musika eskolakoen kontzertua izango da Igartzako jauregian. Ostegunean, berriz, herritar guztiekin kalean ospatuko dute musikarien eguna.
Musikarien patroia da Santa Zezilia eta gaur, azaroak 22, da bere eguna, toki askotan, modu berezian ospatu ohi dena. Beasainen ere akordatuko dira egun honekin. Loinatz Musika Eskolako ikasleek kontzertua emango dute Igartzako jauregian, 19:30etatik aurrera.
Ostegunean, azaroak 24, ospakizuna herritarrekin partekatuko dute Musikalean! lelopean. Euskaraldiarekin bat egiteko ere baliatuko dute festatxoa. Egun horretarako egitaraua ondorengoa izango da. Batetik,kalejira egingo dute, Loinazko San Martin plazatik Erauskin plazaraino joan etorria eginez. Bandak eta txistulariek parte hartuko dute. Jarraian Loinazko San Martin Plaza azpian elkartuko dira. Bertan ondorengo taldeek kontzertua eskainiko dute: Biolin taldea, Koral taldea, Narama abesbatza, Musika Lengoaiako maila guztietako ikasleak, Banda, Txistulari taldea eta Goizeresi txistulari taldea. Amaitzeko, txokolate jana izango da. 18:00etan hasiko dira ospakizunarekin.