Elordi Garcia Insaustiren liburu aurkezpena Legazpin hurrengo asteazkenean
Lazkaoko kazetariak leuzemiarekin eta hezur-muinaren transplantearekin bizitakoa jaso zuen 'Imparable hasta la medula' elkartasun liburuan. Aurkezpenean hezur-muinaren donazioaz ere hitz egingo du.
Elordi Garcia Insausti Lazkaoko kazetaria Legazpira hurbilduko da datorren asteazkenean, hilak 30, iaz kaleratu zuen Imparable hasta la medula liburua aurkeztera. Aurkezpena Kultur Etxean izango da, 19:00etan, eta bertan liburua erosteko aukera izango da.
Lazkaotarra, kazetaria eta Madrilen telebista aurkezle izandakoa da Elordi Garcia Insausti. Duela urte batzuk leuzemia diagnostikatu zioten, eta hezur-muin transplantea egin behar izan zioten bizitza salbatzeko.
Elkartasun helburua
Madrilen igaro zituen gaixotasunaren unerik gordinenak, eta Madrilgo ospitale batean eman zioten leuzemia sendatzeko tratamendua, baita hezur-muinaren transplantea egin ere. Garai haietan bizi izandako esperientziak Imparable hasta la medula liburuan jaso zituen.
Elkartasun helburua du argitalpenak, eta salmentatik ateratzen duen dirua leuzemiaren ikerketara bideratzen du, Josep Carreras fundazioaren bitartez. Interneten dago salgai, baina edozein liburu-dendatan ere erosi daiteke, eskaria eginez gero.
Legazpiko ekitaldian, liburua aurkezteaz gain, leuzemiaz eta gaixotasun hori sendatzeko hain beharrezkoa den hezur-muinaren donazioaz ere hitz egingo du Elordi Garciak. Hain zuzen, hezur-muinaren emaile izatearen garrantziaz hitz egiten izan zen Legazpiko Olazabal institutuan, duela aste gutxi.