Beasaingo Olano garaile Ormaiztegiko 35. odolki lehiaketan
Ander Deunaren Jaietan odolki lehiaketa eta azoka izan dituzte, Suthat batukadaren errirmora jendetza bilduz. Olano Harategiak irabazi du 35. Odolki lehiaketa eta Koldo Lasa omendu dute, urrezko odolkiarekin.
Ormaiztegiko Ander Deunaren Jaien amaiera gerturatzen ari dira pixkanaka-pixkanaka, eta ohi bezala, aurten ere odolki lehiaketa egin dute jaietako igandean, Odolki Egunean. Jende ugari gerturatu da bertara, herritarrak zein kanpokoak. Haurren presentzia ere nabarmena izan da, batez ere haurrentzako jarritako postuak direla eta. Bertan, sukaldean aritzeko aukera eman diete etxeko txikiei eta ederki pasa dute goiza.
Azoka ere izaten da urtero egun honetan eta aurten ere ez dute huts egin inguruko ekoizle zein sortzaileek. Azokan barazkiak, jantziak, apaingarriak, bitxiak, Angel Elortzaren argazkiak eta abar topatu ahal izan dituzte bertara gerturatu direnek eta jende dezente ibili da goizean zehar postuz postu, erosketak egiten. Suthat batuakada izan da gaurkoan Ormaiztegiko kaleak girotzen.
35.Odolki lehiaketa
Ohitura den moduan, Odolki Eguna izena eman zaio aurten ere jaietako igandeari, 35 urtez egin den odolki lehiaketa dela eta. Aurtengo lehiaketa nahiko berezia izan da, omenaldiz betea egon baita. Lehenik eta behin Koldo Lasa omendu dute, izandako ibilbidea dela eta. Horretarako, urrezko odolkia banatu diote, eskertza moduan. Horrez gain, Luis Juan Unanuari ere aipamena egin diote, telefono bitartez eman duen mezu bat jarriz bozgorailuetan. Omenaldiekin jarraituz, duela bi hilabete eskas gaixotasun baten ondorioz utzi zuten laguna gogoan izan dute, urte askotan bertan lanean aritu den Izaskun Unzurrunzaga, eta txalo artean gogoratu dute.
Ondoren, omenaldiak amaituta sari banaketa egin dute. Beasaingo Olano gailendu da gaurkoan ere. Hainbat garaipen jasoa da hau eta gaurkoan bildumarako beste bat eraman du etxera. Bigarren postua Zaldibiako Beko Karnizeriarentzat izan da eta hirugarrena, aldiz, herriko Debak. Gazteen saria ere banatu dute.