Ogia eta artisau gailetak egiteko tailerra antolatu du Iratzarrik
Itsaso Olabide ekoizle ekologikoak emango du. Izena eman behar da, datozen bi asteazkenetan.
Legazpiko Iratzarri emakumeen elkarteak tailer berria antolatu du, oraingoan ogi eta artisau gailetak egiten erakusteko. Itsaso Olabide ekoizle ekologikoa arduratuko da tailerraz.
Olabide legazpiarra da, baina urte batzuk daramatza Itsasoko Haristizabal baserrian ogi eta gaileta ekologikoak egiten, artisau eran. Iratzarriren tailerrean ogi ona egiteko osagaiek bete behar dituzten ezaugarriak azalduko ditu, eta ogi mota desberdinak emango ditu dastatzera. Gainera, artisau gailetan prestatuko dituzte denen artean.
Bi tailer izango dira, abenduaren 13an bata eta abenduaren 20an, bestea, biak Iratzarrik San Ignazio auzoan duen lokalean, 16:30ean hasita.
Doakoa da tailerra, baina izena eman behar da aurretik, asteazken honetan, hilak 30, eta hurrengo asteazkenean, abenduak 7, 16:30etik 18:00ak bitartean, edo iratzarrielkartea@gmail.com helbidera mezu bat bidalita.