Zopazoka berezia egingo dute Seguran ostegunean
Abeltzaintza ekologikoa sustatzeko prestatu duten bideoa aurkeztuko dute, eta haragi pintxo eta ardo ekologikoak dastatzeko aukera izango da.
Ostegun honetako Zopazoka berezia izango da Seguran, eta ohiko barazki, gazta, ezti, ogi eta abarren salmenta postuez gain, abeltzaintza ekologikoari buruzko dokumentala eta mahai ingurua, eta pintxo ekologikoen dastaketa ere egingo dira.
Zopazoka 17:00etatik 19:30era bitartean egingo dute, herriko plazan, ohiko saltzaileekin, hau da, Ageda Zeberioren eztiarekin eta erleen beste produktuekin, Mendarteko Iñaki Intxaustiren barazkiekin, Beñat Telleriaren behi gaztarekin eta Itsaso Olabideren ogi, pasta eta beste produktu batzuekin.
Azokaren amaieran, 19:00-19:30 inguruan, Abeltzaintza ekologikoarekin dana hobetzen da bideoa proiektatuko dute plazan bertan, eta ondoren Beñat Telleria eta Iñaki Intxaustik solasaldia egingo dute gaiaren inguruan. Ondoren, ardo eta haragi pintxo ekologikoen dastaketa egingo dute, hori ere plazan, 20:30era arte.
Zopazoka berezi hau Biolur elkartearekin elkarlanean antolatu dute. Aurrerago, abenduaren 16an eta 22an, beste bi azoka berezi egingo dituzte, baina horiek Gabonei begira izango dira eta saltzaile gehiagorekin.