Legazpin hasiko du ostiralean Goierriko erronda San Nikolas gotzainak
Zegaman hurrengo astelehenean egingo dute erronda Aitxuri eskolak antolatuta, eta Seguran, biharamunean, abenduaren 6an, San Nikolas egunean bertan.
Gabonen iragarle den San Nikolas hirutan etorriko da Goierrira aurten ere, Legazpira lehenengo eta Zegamara eta Segurara ondoren. Goierriko hiru herri horietan bakarrik mantentzen da gotzain txikiarekin errondak egiteko ohitura.
Ostiralean, abenduaren 2an, egingo dute Legazpiko erronda, 17:30ean Laubideko kale nagusitik aterata. Santikutz kaletik behera joanda, ohiko bisita egingo dute gero adinekoen egoitzara, eta handik plazaraino abiatuko dira, Kale Nagusitik igarota. Eguraldi txarra eginez gero, ekitaldi osoa Azokan egingo da.
Aurten berrikuntzak izango dira Legazpiko erronda honetan, ikastetxeek ez dutelako parte hartuko. Horregatik, Doinua Musika eskolako musikariak eta San Nikolasen papera beteko duen Olazabal institutuko Iraitz Plaza laguntzeko deia egin die udalak herritarrei, ohitura mantentzeko. Ohi bezala, San Nikolas, San Nikolas santua, Urte berri berri eta Daukanak kantetako koplak abestuko dira.
Zegaman eta Seguran, hurrengo astean
Zegaman, abenduaren 5ean, astelehenean ospatuko dute San Nikolas, Aitxuri herri ikastetxekoek antolatutako errondaren bitartez. Herri honetan bi ikaslek egiten dituzte gotzainaren lanak, eta aurten Garazi Albizuri eta Aiala Lasari egokitu zaie eginkizun hori. Eskolan sartu gabe ia, 09:00etan aterako dira errondan Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. mailako ikasleak, 10:30ean LH 1 eta 2 mailakoak elkartuko zaizkie, ondoren guztiak elkarrekin hamaiketakoa egiteko. Amaitzeko, 11:30ean Haur Hezkuntzakoak ere batuko dira, plazan, herri guneko eskea denak batera egiteko.
Segurako erronda, berriz, abenduaren 6an egingo dute, San Nikolas egunean bertan. Uxue Etxeberria Aranburu izango da gotzaina, eta pottoka gainean ibiliko da kalez kale, atzetik haur ugari kantari dituela. 10:00etan izango da irteera, Arbolaritik, eta plazan amaituko da erronda. Bertan, 12:00etatik aurrera, Nikolas Txikiak eta Segurako tarta izango dira salgai.