Euskal Herriko finalistak zazpigarrenez Ordizian
Ordiziako Argi Berri elkarteak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko zortzi finalistak elkartuko ditu berriz ere Majori kiroldegian, abenduaren 30ean, Goierriko Bertsozale Elkartearekin batera antolatu duen saioan. Sarrerak hilaren 16an jarriko dituzte salgai.
Argi Berri elkartea 1978. urtean sortu zen Ordizian, eta euskal kulturaren alderdi guztiak zabaldu eta bultzatzeko konpromisoa izan du hasiera-hasieratik. Sortu eta bigarren urtera antolatu zuen lehen bertso saioa Ordizian, eta harrezkero hamarnaka izan dira, tartean, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalistekin egindako sei jaialdi. Abenduaren 30ean izango da zazpigarrena, hori ere Majori kiroldegian. 17:00etan hasiko da. Goierriko Bertsozale Elkartearekin batera antolatu du saioa.
Herri gutxik esan dezakete horrenbestetan hartu dituztela bertsolari finalisten saioak. Aurten, honako zortzikotea igoko da Ordiziako oholtzara: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Sustrai Colina, Nerea Ibartzabal eta Joanes Illarregi. Gai-jartzen eta aurkezle lanetan Amaia Agirre ariko da.
Saio horiek guztiak Ordiziako Eguberrietako egitarauaren barruan antolatu izan ditu Argi Berri elkarteak. Joxemari Barandiaran Argi Berriko kideak aurten argitaratu duen Bertso saioak Ordizian 1980-2020 liburuxka informazio iturri hartuta, hona finalistekin orain arte egindako sei jaialdien berri dakarren erreportajea.
AURRENEKOA, 1994. URTEAN
1994ko urtarrilaren 1ean antolatu zuen lehen aldiz finalistekin bertso saioa Argi Berrik. Mikel Mendizabal Bertsozale elkartean lanean ari zela baliatuz, hari eskatu zioten zortzi bertsolariak eta Joxerra Gartzia aurkezlea lotzeko. Halaxe izan zen. Gainera, lehen aldiz Herri Antzokitik Majori kiroldegira pasa zen saioa. 1.287 ikusle bildu ziren, «aurreikuspen guztiak» gaindituz.
Andoni Egaña, Jon Enbeita, Xabier Euzkitze, Xebastian Lizaso , Aritz Lopategi , Anjel Mari Peñagarikano, Jokin Sorozabal eta Xabier Zeberio (Unai Iturriagaren ordez) aritu ziren kantuan. Aurkezle, Joxerra Gartzia.
‘EGUNKARIA’-REN ALDE
Ez zen lehenengo aldia Euskaldunon Egunkaria-ren aldeko bertso saio bat antolatzen zuela Argi Berrik, baina finalistekin lehena 1997ko abenduaren 27an izan zen. Gaizki ulerturen bat tarteko, Aritz Lopategik kale egin zuen, gainontzekoek ez. Andoni Egaña, Jexux Mari Irazu, Unai Iturriaga, Xebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Mikel Mendizabal izan ziren bertsotan, eta gai-jartzen berriz ere Joxerra Gartzia. Majorin 925 bertsozale elkartu ziren.
‘ HITZA’-RI BABESA EMANEZ
2004ko urriaren 5ean lehen zenbakia argitaratu zuen GOIERRIKO HITZA egunkariak, eta haren aldekoa izan zen finalistekin antolatutako hirugarren bertso jaialdia Argi Berrik. Txapelketa finala 2005eko abenduan jokatu zen Barakaldoko BECen lehen aldiz, eta 2006ko urtarrilaren 6an, Errege Egunez abestu zuten zortzi bertsolariek Majorin. Aretoa bete-bete, 1.200 lagun.
Kantuan, honakoak: Andoni Egaña, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Igor Elortza, Unai Iturriaga , Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Aitor Mendiluze. Aurkezle lanetan, Saroi Jauregi zaldibiarra.
LUJANBIO TXAPELDUN ZELA
2009ko abenduaren 26an izan zen laugarrena, Maialen Lujanbio txapeldun berria zela. Tartean goierritar bat ere bai, Aitor Sarriegi beasaindarra, Goierriko Bertso Eskolan ibilitako lehen finalista. 1.400 entzule Majorin.
Hauxe izan zen kartela: Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Jon Maia, Andoni Egaña, Unai Iturriaga eta Aitor Mendiluze. Aurkezle eta gai-jartzaile, Saroi Jauregi eta Inaxio Usarralde.
ORAINGOAN ARZALLUS
Amets Arzallus txapeldun berria zela egin zen jaialdia Majorin 2013ko abenduaren 30ean. Finaleko zortzikotetik aldaketa bakarra kartelean, Sustrai Colinaren ordez Alaia Martin. Majori erabat bete gabe, 850 entzule.
Gainontzeko zazpi bertsolariak, hauek: Amets Arzallus , Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi eta Unai Iturriaga. Aurkezten eta gai-jartzen, Inaxio Usarralde eta Ainhoa Mujika.
ELURTEAK ATZERATUA
Jakintza Ikastolak 50 urte bete zituela eta, haren aldekoa izan behar zuen 2018ko urtarrilaren 6rako antolatu zen jaialdiak. Eguerdian elur dezente bota zuen, eta asko zaildu zuen Majorirako irisgarritasuna. Hori gutxi ez, eta Altamira auzo guztia argirik gabe utzi zuen elur-erauntsiak, kiroldegia bera barne. Saioa bertan behera gelditu zen, ehunka bertsozale bertan zirela.
Azkenean 2018ko apirilaren 15ean egin zen jaialdia, finalista guztiekin, Unai Agirrek ezin baitzuen urtarrilekora azaldu. Hauxe zortzikoa: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio , Unai Agirre, Igor Elortza, Beñat Gaztelumendi, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi eta Aitor Mendiluze. Aurkezle eta gai-jartzaile, Mikel Urteaga beasaindarra. Sarriegik BECen jakinarazi zuen txapelketak uzten zituela, eta saioaren amaieran omenaldia egin zion Goierriko bertsozaleen familiak.