Munduko bost pilotari txapeldun izango dira Olaberriko Eliteko Pala Txapelketan
Abenduaren 8tik 10era jokatuko da nazioarteko mailako pala txapelketa prestigiotsua, pala motzean eta paleta larruz. Goren mailako 16 pilotarik parte hartuko dute. Partida guztiak doan ikus daitezke.
Olaberriko Pilota Taldeak goren mailako pala txapelketa antolatu du, zortzigarren urtean jarraian. Abenduaren 8tik 10era, ostegunean hasi eta larunbatera bitarte jokatuko da VIII. Olaberriko Elite Txapelketa. Goreneko mailako hamasei pilotari gonbidatu dituzte, horietatik bost urrian Miarritzeko Munduko Txapelketan txapeldun ateratakoak.
Berrikuntza bat dakar aurtengo txapelketak: partidak arratsaldeetan jokatzea. Ostegunean (abenduak 8) paleta larruzko finalaurreko lau partida jokatuko dira, eta ostiralean pala motzeko beste lau; 18:30ean hasiko dira bi jaialdiak.
Ostiralean, horrez gain, harrobikoen txapelketa ere hasiko da; infantil-kadete mailakoen finalaurrekoa lehenik, eta benjaminena ondoren. Infantil-kadete mailan Olaberriko bost pilotarik jokatuko dute, Aiako, Oiartzungo eta Zumaiako beste banarekin zortzikoa osatuta. Benjaminetan, berriz, Ordiziako Oiangu klubeko bi bikote eta Segoviako (Espainia) beste bi jarriko dituzte aurrez aurre.
Beste behin, txapelketa “bikaina” izateko osagai guztiak batu dituzte, Olaberriko Pilota Taldeko Xabier Berasategik eta Garikoitz Arrietak aurreratu dutenez. Ordiziako Oiangu klubaren eta Olaberriko Udalaren laguntza eskertu dute, “dena izan baita erraztasuna haien aldetik”.
Profesionalak, profesional ohiak eta txapeldun handiak ikusi ahalko dira Olaberriko frontoian jokatzen. Aurtengo urrian txapelak lortu edo berritu dituzten Imanol Ibañez, Ruben Aiarra eta Emiliano Skufca bikotea osatuz, Carlos Baeza eta Javier Labiano daude pilotari-talde ikusgarrian. Goierriko ordezkari bakarra Xabier Ibarguren lazkaotarra ariko da, iaz 23 urtez azpikoen munduko txapeldun izana.
Partida guztiak Olaberriko udal pilotalekuan jokatuko dituzte. Sarrera doan da, finalekoa barne. “Aitzakia ederra” izango da Olaberriara joateko; pilota mailari dagokionez, aitzakiarik gabekoa.
Txapelketaren egitaraua eta karteldegia:
Abenduak 8, osteguna
Paleta larruz finalaurrekoak, 18:30ean hasita.
- Ander Landeta (Mungia) – Raimundo Saez (Viña del Mar, Txile) / Xabier Ibarguren (Lazkao)–Isaak Ziaurriz (Iruñea)
- Daniel Berrogi (Iruñea)–Iñaki Mariñelarena (Arizu) / Aitor Estefano (Irun)–Ruben Pichel (Errenteria)
Abenduak 9, ostirala
Pala motzeko finalaurrekoak, 18:30ean
- Ibon Garate (Algorta)–Imanol Ibañez (Bilbo) / Carlos Baeza (Vallelado, Segovia, Espainia)–Javier Intsausti (Iruñea)
- Ruben Aiarra (Iruñea)–Emiliano Skufca (Buenos Aires, Argentina) / Ibai Baron (Iruñea)–Javier Labiano (Iruñea)
Infantil-kadete finalaurrekoak, 15:00etan eta 15:45ean
- Oinatz Aranburu (Olaberria)–Eki Aizpuru (Aia) / Ximun Berriozabal (Zumaia)–Ibai Sese (Olaberria)
- Ian Davis (Oiartzun)–Aritz Maiora (Olaberria) / Izaro Jimenez (Olaberria)–Josu Soberon (Olaberria)
Benjaminen finalaurrekoak, 16:30ean eta 17:30ean
- Lucas Gutierrez – Eric Velasco (Vallelado, Segovia, Espainia) / Gari Galparsoro (Ordizia)–Inar Aierbe (Ordizia)
- Oier Velasco – Manuel Zancajo (Vallelado) / Luken Galparsoro (Ordizia) – Danel Gorrotxategi (Ordizia)
Abenduak 10, larunbata
Finalak
- 16:30. Benjaminen finala
- 17:30. Infantil-kadeteen finala
- 18:30. Paleta larruz.
- 19:30. Pala motza.