Segurako haurrak, kantu eta gozo artean
San Nikolas Txikiaren eguna ospatu dute gaur goizean Seguran, kalerik kale erronda eginez, eta poltsakada gozoki bilduz. Gotzain txikiaren papera Uxue Etxeberria Aranburuk egin du.
Abenduaren 6an usadioa dutenez, San Nikolas Txikiaren ohitura berritu dute gaur Seguran. Hiru ordu inguruko erronda egin dute dozenaka haurrek, 10:00etan hasita. Etxerik etxera ibili dira, San Nikolasen kantua abestu, eta leihoetatik eta balkoietatik botatzen zizkieten gozokiak biltzen.
Gotzain txikia Uxue Etxeberria Aranburuk egin du. Sei urtekoa izan behar du, eta eskolan zozketa eginda tokatu zaio. Haren aita, Ibon Etxeberria, orain 45 urte aritu zen zeregin berean. Orduan oinez bazen, azken urteetan pottoka txiki baten gainean ibili ohi da San Nikolas txikia, errondako gainerako haurrak gozoki biltzen ari ziren bitartean. Ibon Etxeberriak gogoratu du haiek umeak zirela intxaurrak, sagarrak, mandarinak… biltzen zituztela, eta oraindik ere badela Segurako etxeren batean gozokiak bota ordez garaiko produktuak banatzeko ohitura.
San Nikolas txikiak gozokiak bildu ez, opari eman dizkiote haurrek eta hainbat herritarrek. Segura da San Nikolas txikiaren tradizioari fidelen eutsi diona. 150 urte baino gehiago dira, dokumentatuta dagoenez, ia etenik gabe egiten duela. Pandemiak eragotzi zuen 2020. urtean.
San Nikolas Txikiaren Segurako abestia:
San Nikolas txikia,
gure ganbaran hazia.
Gure ganbaran zer dago,
haren gona gorria.
Bost eta sei bakailao jale,
bost eta sei hamaika.
Txorixorik ez baldin bada,
berdin dala lukainka. (bis)