Arzuagak bete du aurten ere Udanako jaiotzarekin
Legazpiarra 2006an hasi zen errepide ondoan jaiotza jartzen, bertatik igarotzen ziren guztiekin "Gabon izpiritua konpartitzeko helburuarekin".
Jose Luis Arzuaga legazpiarrak jarri du aurten ere berak egindako egurrezko jaiotza Udanako mendatean, 2006tik duen ohiturari jarraituz. Oñatitik Legazpira igotzen den errepidearen ondoan, eskuin aldean dagoen pago zahar baten enborrean kokatu ditu San Jose, Maria eta Jesus haurtxoa, izar handi baten magalean.
Ohi bezala, abendu hasierako zubiko egunetan jarri du jaiotza Arzuagak, errepide horretatik igarotzen diren gidari, txirrindulari eta motorzale guztiekin “Gabon izpiritua partekatzeko” helburuarekin.