Lesbosera bidaltzeko 1.509 kilo jaki bildu ditu Hotz Legazpik
Bildutako janaria Greziako Lesbos uhartean dauden kanpalekuetako errefuxiatuentzat izango da.

Hotz Legazpik 1.509 kilo elikagai bildu ditu Lesbosera bidaltzeko, pasa den larunbat goizean egindako janari bilketan. Bildutako janaria Greziako Lesbos uhartean dauden kanpalekuetako errefuxiatuentzat izango da, eta horientzat otorduak prestatzen dituen Zaporeak elkarteari bidaliko diote. Hain zuzen, 202 litro olio, 171 kilo dilista, 191 kilo babarrun, 230 garbantzu, 363 kilo arroz, 252 kilo pasta eta 100 kilo tomate bidaliko dute Legazpitik Lesbosera.
Bi postu jarri zituen Hotz Legazpik, bat Euskal Herria plazan eta bestea Laubiden, eta bietan etengabea izan zen eskatutako janaria entregatzera zihoazen legazpiarren joan-etorria.
«Milaka kilo elkartasun bihurtuta, Lesboseruntz joango dira» zioen elkarteak sare sozialetan kanpaina amaitutakoan, eta legazpiarren elkartasuna eskertu zuen. Hotz Legazpiko boluntarioek egin zuten elikagai bilketa, eta horien artean Atzegiko kideak zeuden.