Olazabal institutuko ikasleek herritarren saria irabazi dute Beldur Barik lehiaketan
'Rolak irauli' da saria irabazi duen bideoaren izenburua. Goierri garaiko herri mailako lehiaketaren sariak hurrengo astelehenean banatuko dituzte.
Legazpiko Olazabal institutuko ikasle talde batek erkidego mailako herritarren saria irabazi du Beldur Barik bideo lehiaketan, 15-17 urte bitarteko kategorian. Rolak irauli du izenburua legazpiarren lanak, eta egileak Manex, Mireia, Helena, Joar, Izaro, Maria, Maialen, Mikel, Zuriñe eta Ilazki dira. 1.007 bozka jaso ditu Rolak irauli bideoak.
https://www.beldurbarik.eus/eu/rolak-irauli-beldur-barik-2022/
Urola Garaiko Mankomunitateko Berdintasun arloak antolatuta, Legazpi, Urretxu, Zumarraga eta Ezkio-Itsaso mailan ere egiten da Beldur Barik lehiaketa, eta aurtengo edizioko sariak hurrengo astelehenean, hilak 12, entregatuko dira Urretxuko Labeaga aretoan 10:00etan egingo den ekitaldi batean.
Gazteek emakumeen kontrako indarkeria salatzea eta berdintasunezko gizarte baten aldeko jarrera erakustea da ikus-entzunezko lehiaketa honen xedea. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak antolatzen du, Berdinsarea-Eudel eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin batera.