Trialeko motor gainean txapeldun
Euskadiko trial txapelketako lehen bi postuak Goierrin geratu dira, Legazpiko Oliver Galvezek eta Ezkioko Josu Garmendiak irabazita. Titulu horien atzean entrenamendu ordu asko dago.
Oliver Galvez legazpiarra eta Josu Garmendia ezkiotarra trialeko motorren munduan oso ezagun bihurtu dira azken asteotan, Euskadiko txapelketan lehen eta bigarren postuak eskuratu eta gero. Hilaren 17an Gatikan (Bizkaia) ospatuko den motoziklismoaren galan jasoko dituzte sariak, otsailean hasi zuten denboraldiari amaiera ezin hobea emanez. Udan hil zen Iñaki Noguera motorzale eta laguna gogoratzeko baliatuko dute ekitaldia bi goierritarrek.
Galvezek 44 urte ditu, eta Garmendiak, 41 urte. Aspaldiko lagunak dira, eta bata bestearen kontra lehiatzen diren arren, bien artean «lehia sanoa» dute.
Trebezia eta oreka
Trialeko motorrak dituzte, «zutik joatekoak dira, eta oso arinak, 66 kilokoak, erraz mugitu ahal izateko», azaldu du Garmendiak. Trial probatan lehiatzen dira, outdoor edo mendiko modalitatean. Ibilbide batean egiten dira probak, eta partaideek gune zehatz eta puntuagarri batzuk igaro behar dituzte, hainbat oztopo gaindituz eta hanka lurrean jarri gabe. Hiru-lau ordu inguruko probak dira, eta hanka lurrean gutxien jartzen duenak irabazten du. «Aldapak, harriak, errekak, enborrak… denetik gainditu behar dira. Trebezia eta oreka handia izan behar da».
Euskadiko txapelketak hamabi proba izan ditu aurten. Batzuk kanpoan izan dira, Cabezon de la Salen (Kantabria), Cangas de Onisen (Asturias) eta Arnedillon (Errioxa), baina gehienak Bizkaian egin dira, eta Gipuzkoan bat bakarra, bi motorzaleen taldea den Antzuolako Moto Klubak antolatutakoa.
Galvez beteranoa da. «Duela 20 urte ere irabazi nuen Euskadiko txapelketa», gogoratu du. Garmendia ere ibilia da lasterketetan, baina gutxiago, «nire garai hartako azkeneko karrera Josuren lehenengoa izan zen».
Biek batera utzi zuten orduan, eta orain ere biak batera itzuli dira lehiara, «ni, Oliverrek animatuta batez ere» zehaztu du Garmendiak. Ezkiotarra gutxiago ibili da motorrean, «mendian paseoak besterik ez nituen egiten», baina Galvezek zirikatuta, berriz ere konpetiziora itzuli da, eta hasieran denboraldi osoa egiteko asmorik ez bazuen ere, azkenean «liatu» egin zen, eta lasterketa guztiak egin ditu. «Proba guztietan ibili gara lehen postuetan» azaldu du Galvezek, eta horren emaitza, berak irabazitako txapela izan da, Garmendiaren txapelunorde tituluarekin batera.
Antzuolako motozaleen babesa izan dute bi goierritarrek. «Klubean 30-bat kide gaude, ez dugu denok lehiatzen. Arrasateko bat eta Eskoriatzako beste bat ere badabiltza, eta batzuetan Legazpiko Aitor Romaratezabala Koke ere etortzen da. Beste guztiak beti daude prest gu laguntzeko», dio Galvezek.
Entrenatzeko gune eske
Euskadiko txapelketako lehen bi postuak eskuratzea erraza gertatu zaie bi motorzale hauei, «baina atzetik entrenamendu ordu asko dago». Entrenatzeko, berriz, ez dute toki aproposik gertu. Egokiena mendian ibiltzea litzateke, baina ezin dela diote, eta horregatik, toki edo gune bat egokitzea eskatzen dute. Momentuz, ipar Euskal Herrira joaten dira hango zirkuituetan ibiltzera, baita Rincon del Sotora ere (Errioxa, Espainia). «Bidai luzeak egiten ditugu, eta hemen gertu, trial park edo trial zirkuitu bat egitea nahiko genuke. Guretzako bakarrik ez litzateke izango, endurokoentzat ere bai».
Eskaria eginda, hurrengo denboraldiari begira jarri dira dagoeneko Galvez eta Garmendia, eta motor klasikoekin ere lehiatzeko asmoa dutela aurreratu dute. Motor modernoekin ere jarraituko dute, eta kategoriaz igotzea da bien helburua. Orain TR4-n dabiltz. TR3 da jomuga.