Ziklo krosa itzuli da Segurara
Segurako txirrindulari elkarteak antolatuta, lau lasterketa egingo dira larunbat goizean. Euskal Herriko txapelketarako puntuagarriak izango dira, eta goi mailako partaidetza izango dute.
Segurako Txirrindulari Elkarteko kideek eta herriko hainbat boluntariok prest utzi dute herrigune ondoko ziklo-kros zirkuitua. Bihar arratsaldean estreinatuko dute hainbat txirrindulari eskolatako gaztetxok, bertan egin behar duten teknifikazio saioarekin. Baina hitzordu nagusia larunbat goizean izango da, etzi jokatuko delako Segurako III. Ziklo Krosa.
Probaren hirugarren edizioa izango da, 1980eko hamarkadan lehena eta 1993 inguruan bigarrena egin eta gero. Iazko udazkenean elkarteko zuzendaritza karguak hartu zituztenek ziklo-krosa Segurara berriro ekartzeko aukera aztertu zuten, eta aurtengo errepideko lasterketen egutegia ekainean amaitutakoan erabaki zuten momentua iritsi zela. Abenduaren 10a da eguna, eta esan behar da ziklo-krosaren itzulera goi mailakoa izango dela, punta-puntako txirrindulariak izango direlako parte hartzen, eta Euskadiko txapelketarako puntuagarria izango direlako probak.
Euskal txirrindulari onenak
Lau lasterketa izango dira jokoan. Hasteko, 09:30ean, 40 eta 50/60 Master mailakoak abiatuko dira, 10:30ean kadete mailako neskak eta mutilak, 11:30ean junior mailako neskak eta mutilak eta Open mailako emakumeak, eta 12:30ean, Open lasterketan, Elite mailako eta 23 urtez azpiko gizonak eta 30 Master mailakoak. Sari banaketa amaieran egingo dute, herriko plazan.
Euskal Herriko Ziklo Kros Txapelketarako puntuagarriak izango dira probak, eta parte hartuko duten 150 txirrindularien artean, sailkapenetan goi postuetan dauden gehienak daude.
Faboritoen artean kadete mailako Arkaitz Suso eta Laida Hierro daude, junior mailako Ayala Serrano eta Gari Ugarte legazpiarra ere bai, eta Open mailan, Olatz Odriozola eta Aitor Hernandez, Peio Goikoetxea eta Jokin Murgialdai. Bi segurar era izango dira parte hartzen: Aitzol Sudupe kadetea eta 23 urtez azpiko Xabi Intxausti.
Zirkuitu gogorra
Herrigunetik oso gertu kokatu dute ziklo-kros zirkuitua, lau kilometro ingurukoa: Baratze pilotalekutik irten, Madurako zelaietara gero, Kanpatorratzetik Zerain Portalera igoera, eta Kale Nagusitik plazako helmugara iritsiko da. Zirkuitu “gogorra” izango da, eta “gunerik zailena Maduratik herrigunera igotzeko tartea” izango da. Lokatzik ere ez da faltako.
Goiz osoan zehar txosna egongo da pilotaleku ondoan, kafe, salda, pintxo eta edariekin. Lortzen den dirua Segurako Txirrindulari Elkartea finantzatzeko izango da.
Lasterketak irauten duen bitartean, Zubi-Berritik kalerako bidea itxita egongo da, bizilagunentzat izan ezik. Herrirako sarrera-irteerak Madalenatik egingo dira. Autobusa ere ez da herritik igaroko 16:00ak arte. Kanpokoentzat aparkalekuak egokituko dituzte Zubi-Berriko biribilgunearen inguruan.
Laguntzaileak eta boluntarioak
Segurako Txirrindulari Elkarteak inguruko ziklo-kros proben antolatzaileen laguntza izan dute, hain zuzen Beasaingo Loinaz Txirrindulari Elkartearena eta Legazpiko Telleriarteko Txirrindulari elkartearena.
Laguntzaile gehiago ere izan dituzte, zirkuitua prestatzeko lursailak utzi dituzten jabeak batetik, eta Zubiko taldeko kideak bestetik. Eta boluntario ugari ere inguratu zaizkie, laguntzeko, 40-50 kide.
Guztiei eskerrak eman nahi dizkie Segurako Txirrindulari Elkarteak.