Iñaki Murua 'Hitzetik Hortzera' saioan
Iñaki Murua bertsolariak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari izandakoak jantziko dio txapela 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari, eta horren harira egin dioten elkarrizketa emango dute gaur ETB1en.
Iñaki Murua eta Eider Perez 'Hitzetik Hortzera' saioaren aurkezlea. Iñaki Murua Jauregi (Gabiria, 1956) bertsolari eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari izandakoarekin egindako hitz-aspertua emitituko du gaur, 15:00etan, ETB1eko Hitzetik hortzera bertsolaritzari buruzko telebista saioak.
Txapelketa Nagusiko finalean, hark jantziko dio txapela txapeldunari. Proposamena jaso zuenetik, zailena berria ezkutuan gordetzea izan dela esan du. Momentuan, eginkizun bat gehiago zela sentitu zuen arren, txapel emailea bera izateak jendearengan sortu duen pozak eta zorionak ilusioz eta irrikaz bete duela dio.

Iñaki Murua, elkarrizketaren une batean.
Ibilbide luzea bertsolaritzan eragiten
Iñaki Murua 2005etik 2018ra bitarte aritu zen lehendakari lanetan Bertsozale Elkartean. Elkartearen ordezkari izatea luxua dela esan du, eta gaineratu du elkarteak zein bertsolaritzak arlo pertsonalean asko eman diotela.
Txapelketa Nagusia hutsera egindako jauzi baten moduan definitzen du: “Aldarte konkretua izan behar duzu, gaiak momentuan sortzen dizun zirrarari etekina ateratzeko”. Aurtengo txapelketari dagokionez, “ikaragarrizko maila” egon dela nabarmendu du.













