Bi mila eurotik gorako balioa duen saskia zozkatuko dute urtarrilaren 5ean
Udalak eta Ordizian merkatari elkarteak 'Gabonetan, hemen edo han, erosi Ordizian' Gabonetako kanpaina jarri dute martxan.
Ordiziako Udalak eta Ordizian merkatari elkarteak Gabonetan herrian erostera bultzatzeko kanpaina jarri dute abian, Gabonetan, hemen edo han, erosi Ordizian lelopean. Antolatu dituzten ekimenen artean, bi mila eurotik gorako balioa duen saski baten zozketa nabarmendu dute. “Urtean zehar Ordiziako dendetara, tabernetara eta zerbitzu-enpresetara hurbildu direnei” eskerrak emateko modua izango dela azaldu du udalak.
Sektoreak “herriarentzat duen garrantziaz jabetzeko” eta saltokietan, “batean zein bestean, baina beti tokiko merkataritzan, lagun, senide, bizilagun eta ezagunen dendetan kontsumitzeak dakarren abantaila handiaz jabetzeko” egin dute kanpaina. 2.000 eurotik gorako saskiaren zozketa urtarrilaren 15ean izango da, 13:30ean, Ordizian bulegoan. Parte hartzeko parte hartzaile diren establezimenduetan kontsumituta lortu daitezkeen txartelak bete behar dira, eta Ordizian bulegoko postontzian utzi.
Horrez gain, Gabonetako 15 otar eta umearen loteri dezimoen zozketa egingo dute, bihar, abenduaren 19an, 20an, 21ean, 22an, 23an, 26an, 27an, 28an, 29an eta 30ean, eta urtarrilaren 2an, 3an eta 4an, 13:30ean. Horretarako prozedura bera jarraitu behar da. Establezimenduetan kontsumitu, txartelak bete eta Ordizian-en utzi behar dira.
Mihuraren azpian ateratako argazkien bidez, aldiz, 100 euroko balea eskuratu dezakete herritarrek. Parte hartzaile diren dendetan dauden mihuren azpian argazkia atera eta 943 88 73 40 zenbakira whatsapp bidez bidali behar da. Zozketa urtarrilaren 5ean egingo dute, 13:30ean.
Poteoa Urdanetatik
Abenduaren 23an, poteoa izango da 19:00etatik 21:30era, Burrunbazale Txarangarekin. Urdaneta kaletik hasita, herriko kaleetatik ibiliko dira. Udalak gogoratu du Ordiziako kaleek Gabonetako ohiko argiak izango dituztela eta horietako kale batzuk dinamizatzeko musika ere egongo dela. “Giro polita sortuko dute, erosketak egiteko eta merkataritza sektoreak aurkeztu dituen proposamenetan parte hartzeko”.
Bonoen azken egunak
Ordiziako dendetan trukatzen diren erosketa bonuak erabiltzeko azkeneko eguna abenduaren 31 izango da. Bonuak dituztenek azken asteak dituzte gastatzeko.