Erosketa saskian kutixien bila
Lazkaoko Gazi Gozo dendan askotariko produktuak saltzen dituzte, gaziak nahiz gozoak. Eguberrietako otorduei begira dituzten produktu berezien berri eman dute. Saski pertsonalizatuak ere prestatzen dituzte.

Noizean behin jandakoak ez omen du kalterik egiten. Ohiko janak alboratu eta, kutixiak jateko ahalegina egiten da askotan Eguberri garai honetan. Bai kutixia gaziak, bai kutixia gozoak. Lazkaoko Gazi Gozo denda toki egokia izan daiteke kutixi horiek aurkitzeko, denetik baitute. Gabonetako otorduetarako hainbat proposamen egin ditu Gazi Gozoko Xabier Irastortzak.
Urdaiazpikoa eta kroketak
Lan handirik hartu beharrik gabe, sarrerakoekin edo gaziarekin hasita, micuit foie-a, eskuz, labanez moztutako urdaiazpikoa (abenduaren 23an eta 24an dendan bertan izango dira bi ekoizle) eta Nafarroako zainzuriak. «Beste ukitu bat izaten du aiztoarekin moztutako urdaiazpikoak», dio lazkaotarrak.
Kroketa zaleentzat, urdaiazpikozkoak. «Horiek saltzen dira gehien. Txikiak edo handiagoak izaten ditugu, izoztutakoak». Goierritarrek egun horietarako barazki gutxi aukeratzen dutela nabarmendu du: «Letxugaren bat agian. Abenduaren 26tik aurrera etorriko da jendea porruak eta lekak erostera».
Turroiak, panettonea eta gominolak
Gozoari dagokionean, Jijona etiketadun turroiak eta panettonea proposatu ditu. «Turroiari garrantzi handia ematen diogu. Turroiak egiten dituztenak oso gutxi daude. Jijona etiketadun turroi gogorra, biguna eta txokolatezkoa. Beste formatu batzuetako turroiak ere egiten hasi dira, tortatxo formakoak». Panettonea, Italiako Gabonetako gozoa, «modan dago. Italiatik, Milandik zuzenean ekartzen digute». Ukitu berezi bat emateko, fruitu naturaleko gominolak jar daitezke azkenburukoetan.
Fruta pixka bat nahi izanez gero, anana edo piña «klasiko bat da». Urte Zahar gauerako beste «klasiko bat, mahatsa da». Konpota ere etxe askotako azkenburukoa izaten da. «Jendea hasi da errezil sagarra eramaten konpota egiteko. Aurten oso sagar gutxi dago».
Edarietan dastatzea da joera
Edari berriak dastatzeko aitzakia izaten dira Eguberrietako ospakizunak. Hori bai, lazkaotarraren esanetan, goierritarrek ardoa aukeratzen dute otorduetarako. «Ardo bereziagoak aukeratzen dituzte erosleek. Ardo txuria igotzen ari da pixkanaka. Mahaiko txuri gehiago dago, gainera. Beltzetan, berriz, Errioxakoak beti bezala, baina Ribera de Duero eta Toro jatorri izendapenekoak asko sartzen ari dira. Jendeari ardoa probatzea gustatzen zaio eta probatutakoak gustatzen ari zaizkie».
Otorduarekin amaitzeko, gero eta indar gehiago hartzen ari diren infusioak proposatu ditu. Hor ere, denetik dago.
Saskiak opari
Jakiz eta edariz osatutako saskiak oparitzea ere Eguberrietako opari klasikoetako bat da. «Saski pertsonalizatuak egiten dira bai aurrekontuaren eta gustuen arabera. Gozozalea bada, edari zalea bada… desberdina egingo zaio saskia». Bertakoarekin eta kalitatezkoarekin, saski ederrak osatu daitezke. Olentzeroren eta Mari Domingiren zerrendara gehitzeko ideia bat gehiago.