Asteburu Magikoa ospatuko da bihar eta etzi, Bi-Tartean elkartearen eskutik
Bi-Tartean merkatari elkarteak Herrian Erostearen Magia kanpaina antolatu du Gabonetarako. Merkatariek dendak apaindu dituzte eta hainbat ekintza antolat dituzte.
40 euroko bonuarekin 50 euroko erosketa egin ahal da. Bonu guztiak saldu dira dagoeneko eta erosi dituztenek abenduaren 31 dute erabiltzeko azken eguna.
Bestalde, bihar (ostirala) eta etzi (larunbata) Asteburu Magikoa ospatuko da. Bi egun horietan ekintza asko egingo dira. Bihar Olentzero eta Mari Domingi erraldoiak jarriko dira Areizaga-Kalebarrenen. Lehenengoz, Olentzero Mari Domingirekin egongo da. Mari Domingiren panpin erraldoia Mikel Ibarzabalek egin du. 17:30etik 19:30era, haurrek Olentzero eta Mari Domingirekin argazkiak ateratzeko aukera edukiko dute.
Haurrei ateratako argazkiak dendetako erakusleihoetan jarriko dira. Haurrek beraien argazkiak bilatu beharko dituzte eta dendariek beraien argazkiak oparituko dizkiete.
Biharko beste lau ekitaldi antolatu dira: 18:30etik 20:30era Zirkun Zirkok kalejira egingo du, 18:00etatik 20:00etara Asier Kidamek magia ikuskizuna egingo du bi herrietako toki ezberdinetan, 18:00etatik 21:00etara txu-txu trenean ibiltzeko aukera egongo da (geltokia Elizkalen egongo da) eta 19:00etatik 21:00etara Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak geltokiko pintxo-potea girotuko du.
Larunbaterako beste bi ekitaldi antolatu dira. 11:00etatik 14:00etara haurrentzako jolasak egongo dira Gernikako Arbola plazan eta 14:00etan 100 euroko bost erosketa bale zozkatuko dira Areizaga-Kalebarrenen. Zozketa honetan Olentzeroren eta Mari Domingiren zakuan 10 euroko erosketa tiketak sartzen dituztenek parte hartuko dute.
Ekintzetan guztietan parte hartzen dutenei txokolate beroa, gaztainak eta Hugo eta Eusebioren atrakzioetan jolasteko txartelak emango dizkiete. Gainera, turismo bulegoak esperientzia magikoak zozkatuko ditu Areizaga-Kalebarrenen.