Legazpiko Ulma Precinox eta Lazkaoko Ulma Forged Solutions ere atera egingo dira Mondragon Korporaziotik
Kooperatiba taldeko bazkideen %80,52k eman dute korporazioa uztearen aldeko botua.
Donostiako Illunben egindako ezohiko batzarrean erabakita, Legazpiko Ulma Precinox kooperatibak eta Lazkaoko Ulma Forged Solutions kooperatibak ere utzi egingo dute Mondragon Korporazioa, Ulma taldeko gainerako kooperatiba guztiak bezala.
Kooperatiba taldean bozkarako eskubidea zuten 2.789 bazkideetatik %80,52k bozkatu dute korporaziotik irtetearen alde, eta horrekin duten harremana eredu berri batekin ordezkatzearen alde.
Oñatin egoitza nagusia duen Ulma taldeak duela bi hilabete iragarri zuen Hernaniko Orona kooperatibarekin batera Mondragon korporazioa uzteko asmoa. Oronak ere gaur egin du batzar berezia bere egoitzan, eta horrek ere korporazioa uzteko erabakia hartu du, bazkideen % 72k hala erabakita.
Ulma, Legazpin eta Lazkaon
Ulma Precinox 2007an jarri zuten martxan Legazpiko Olaberria auzoko industriagunean, altzairu herdoilgaitzaren doitasunezko galdaragintza egiteko. 2012an ontziratze makinak egiten dituen Ulma Packaging negozioarekin fusionatu zen Legazpiko kooperatiba.
Lazkaoko lantegia, lehen Forjas de Lazcano, 2011n erosi zuen Oñatiko firmak eta Ulma Lazkao Forging bihurtu zen. 2018an Ulma Piping kooperatibarekin fusionatu zen, eta orduz gero, Ulma Forged Solutions negozioa osatzen dute biek.