Beti Eder estetika zentroak irabazi du Legazpiko erakusleiho lehiaketa
Bigarren saria Aranzazu Optikak jaso du, eta hirugarrena eta herritarrena, Maitiak. Guztira 22 saltokik parte hartu dute.
Laubide auzoko Beti Eder estetika zentroak irabazi du urte batzuetan etenda egon ondoren Legazpiko Udalak aurtengo Gabonetarako berreskuratu duen erakusleiho lehiaketa. Bigarren saria Kale Nagusiko Aranzazu Optikak irabazi du, eta hirugarrena, Patrizio Etxeberria kaleko Maitia haurrentzako arropa eta oinetako dendak. Maitiak herritarren saria ere jaso du.
Lehenengo hiru sariak epaimahaiak erabaki ditu. Arantxi Eizaguirre eta Mikel Narbarte merkataritzan adituek osatu dute epaimahai hori. Herritarren saria, berriz, legazpiarrek aukeratu dute bozka bidez. Guztira 1.030 boto jaso dituzte, eta horietatik % 19 saltoki irabazleak jaso ditu. Emandako boto guztien artean, udalak 100 euroko erosketa txartela zozkatu du, eta Juan Caro Estevez izan da sariduna.
Gabonetako erakusleiho lehiaketa honetan 22 saltokik hartu dute parte. Hainbat urtetan etenda egon ondoren berreskuratu du aurten udalak, Ilintik proposatuta.