Bi saio egun berean
Idiazabalen Goierriko bertsolariekin saioa egingo dute ostiralean, arratsaldez. Egun berean, baina gauez, Legorretan beste saio bat antolatu dute. Bietan abestuko du Iker Zubeldia zegamarrak.
Lehen ere halakoak gertatu izan dira bertsolaritzaren munduan, baina kointzidentziak berak arreta pizten du. Datorren ostiralerako, etzirako, bi bertso saio daude iragarrita Goierrin, eta bietan, lau orduko aldearekin, bertsolari berak abestuko du, Iker Zubeldia zegamarrak.
Idiazabalen urteak daramatzate Goierriko bertsolariekin saioa antolatzen Eguberrien bueltan. Sei bertsolari elkartuko dituzte aurten: German Urteaga, Iker Zubeldia, Aratz Igartzabal, Maddi Aiestaran, Iban Urdangarin eta Eneko Araiztegi. Gai-jartzaile eta aurkezle lanetan zein ariko den ez dute iragarri, ez behintzat kartel bidez. Guraso Elkarteko aretoan da, 18:30ean.
Legorretan, gauean
Legorretan urte batzuk ere badira Eguberrien jiran bertso saioa antolatzen dutela. Txapelketa nagusiko bi finalista —Alaia Martin eta Sustrai Colina—, finalerdietan kantatutako Oihana Iguaran (Idiazabalen bizi den amasa-villabonarra), Iker Zubeldia eta Odei Lopez legorretarra ariko dira. Saioa Imanol Artola Felix amezketarrak gidatuko du. Sarrerak 5 euroan salduko dituzte.
BERTSO SAIOAK
Idiazabal
Eguna. Abenduak 23 (18:30).
Lekua. Guraso Elkartea.
Bertsolariak. German Urteaga, Iker Zubeldia, Aratz Igartzabal, Maddi Aiestaran, Iban Urdangarin eta Eneko Araiztegi.
Legorreta
Eguna. Abenduak 23 (22:30).
Lekua. Herri Antzokia.
Bertsolariak. Alaia Martin, Oihana Iguaran, Sustrai Colina, Iker Zubeldia eta Odei Lopez. Gai-jartzen: Imanol Artola.