Eguberrietako aparteko feria abenduaren 28an
Animalia erakusketak ez ezik, Errege sagar eta fruitu lehorrena ere izango da. Nazioartean saritutako gaztandegiei aitortza egingo diete.
Urtero bezala, aurten ere Eguberrietako aparteko azoka egingo da Ordizian, goizean. Lehen ordutik aurrera, Garagartza plazan txerri eta txerrikumeak, ahuntz eta antxumeak, ardi eta arkumeak, astoak eta poniak egongo dira ikusgai. Errege-sagar eta fruitu lehor erakusketa ere izango da. Eguberrietako erosketak egin ahal izango dituzte herritarrek.
Asteroko azoka egongo da plazan, eta herrigunean banatuta, artisautza edo eskuz landutako beste produktu batzuren postuak: foie-grasa, ogia, eztia, gazta, gozokiak…Trikitilariek eta dultzaineroek alaituko dute kaleko giroa.
Ohi bezala, Idiazabal Gazta Jatorrizko Deiturak, udalarekin eta Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin elkarlanean, nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztandegien lana aitortuko du. Esker Oneko Ekitaldia egingo zaie Plaza Nagusian, 11:00etan.