Gazteen ikuspuntua ezagutzeko parte hartze prozesua abiatu du udalak
Prozesuak 3 fase izango ditu. Lehenengo faserako, gazteria.ordizia.eus webgunea sortu dute, gazteekin konexioak sortzen hasteko.
Ordiziako udalak gazteen ikuspuntua ezagutzeko eta horiek kontuan hartzeko parte hartze prozesua jarri du martxan. Gazteria programa eraikitzeko eta gazteen, erronkak, errealitatea eta kezkak identifikatzeko izango da. Tinc kooperatibarekin batera jarri dute martxan prozesua.
3 fase izango ditu. Lehenengoan, plataforma berri baten sorrera dago. Osoigo Next-en laguntzarekin eta inkesta labur baten bidez, datuak jasoko dira, ondorioak atera ahal izateko. Plataformaren helburua gazteekin konexioak sortzen hastea da, gero elkarrizketa eta eztabaida zuzenak izan ahal izateko. gazteria.ordizia.eus webgunea sortu dute horretarako. Gazteek bertan parte hartu dezakete dagoeneko, urtarrilaren 20ra arte.
Bigarren fasean, ideazio prozesu bat egingo da. Tinc-eko kideek gidatuta, gazteei ideiak eta proposamenak prestatuko dituzte, ondoren udalari aurkezteko. Sormen eta proposamen gaitasunak landuko dira. Hirugarren eta azken fasean, berriz, ospakizun bat egingo dute. Bozketa baten bidez sarituak izan diren proposamenak eta gazteen lana eskertuko dute.
“Egitasmo hau aukera bikaina da Ordiziako herrian zer hobetu daitekeen gazteen ikuspuntutik proposatzeko eta aurrera eramateko”, azaldu du udalak.