Korrika, baina presarik gabe
2022. urtea korrika amaituko dute goierritarrek. Beasainen, Lazkaon eta Legorretan goizean jokatuko dira San Silvestre lasterketak. Urretxu-Zumarragan, Legazpin, Zegaman eta Ordizian, arratsaldean.
Urtea korrika amaituko dute hamaika goierritarrek. Horrek ez du esan nahi urtea amaitzeko presa dutenik. Berdin berdin etorriko da. Soilik, gero eta zabalduago dagoela Urte zaharra korrika eginez amaitzeko ohitura. Horren erakusle dira gero eta herri gehiagotan San Silvestre probak. Aurten ere, zazpi proba antolatu dira eskualdean, goizez zein arratsaldez. Kirola, jai giroa eta sariak uztartuko dituzte.
LASTERKETA SOLIDARIOA
Beasainen txikienak izango dira korrikan hasten lehenak, Beasaingo Batzokia Kultur Elkarteak antolatutako San Silvestre Txikiarekin. 10:00etan irekiko dute izena emateko epea, Gernika pasealekuan. Korrikalari bakoitzak hiru euro ordaindu beharko du; kopurua bikoiztu egingo du kultur elkarteak, eta denera bildutakoa Herriak Elkarlanean Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat izango da.
Lasterketak 10:30ean hasiko dira. Mailaz maila ariko dira korrika, 7 eta 15 urte bitartekoak. 11:15ean sariak banatutakoan, opari banaketa eta hamaiketakoa izango dute parte hartzaileek Iturralde plazan.
12:00ak iristearekin batera abiatuko dira Beti Bizik antolatutako helduen Sal Silvestreko lehiakideak. Lehen hamabost korrikalariek saria izango dute.
HAMARREKOA
Lazkaon 11:30ean hasiko da korrikaren festa, 6 eta 13 urte arteko gaztetxoen korrika saioarekin. Helduena, 14 urtetik gorakoena, 12:30ean izango da. Antzar Korrikalariek antolatutako lasterketa da, Eñaut Aldanondoren oroimenezkoa. Aurtengoa, hamargarren edizioa izango da.
Hiru lehenengo gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat egongo dira dira sariak; herriko lehenengoentzat ere bai.
HERRIKOIA
Legorretakoa 30. San Silvestrea izango da. 12:00etan jokatuko da, Aldapa haundi, Bilkoin eta Jota-Kea elkarteek antolatuta. 3,4 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek. Legorretarrek soilik parte har dezakete.
PAREKIDEA
Plazaola Urola Triatloi Klubak San Silvestre mistoa antolatu du Urretxu eta Zumarragako kaleetan. Lasterketa parekidea antolatu nahi izan dute aurten ere, emakumearen parte hartzea indartuz eta lasterketaren izaera herrikoia mantenduz. Areizaga-Kalebarren plazan 16:30ean hasiko da bost kilometroko lasterketa.
Dortsalak egunean bertan banatuko dira, 15:00etatik aurrera. Lasterketako lehenengo 3 bikoteek garaikurra jasoko dute. Gainerako lehiakideen artean zozketak egingo dira.
MOZORROTUTA
Legazpiko San Silvestrea da eskualdean lehiatzen diren artean gazteena. Hirugarren edizioa izango da. 17:00etan abiatuko dira, Kale Nagusitik. Bakarka zein bikoteka (mistoa) parte har daiteke.
Banakako lehen hiru lasterkariek eta bikoterik onenak saria izango dute. Horrez gain, mozorro originalenak ere oparia izango du. Gainerako korrikalarien artean zozketak egingo dituzte.
MARATOIRAKO GILTZA
Zegamako San Silvestrean bi txanda izango dira. 17:00etan, umeen probak izango dira; 17:30ean, helduenak..
Sariei dagokienean, lehenengo hiru korrikalarientzat sariak egongo dira; marka hausten dutenentzat, berriz, 100 euroko sari berezia egongo da. Bestalde, parte hartzaile guztien artean Zegama-Aizkorri mendi maratoirako hiru dortsal zozkatuko dituzte.
DOAKOA
Ordiziako San Silvestrea doakoa izango da. Lehen ere inguruko lasterketa jendetsuena bazen, aurten ere kaleak korrikalariz beteko dira. Hamabost urtetik gorako edonork eman dezake izena.
Korrikalari guztiek izango dute saria. Bakoitzak medaila bana jasoko dute, oroigarri bezala. Garaguneko kideek egin dituzte egurrezko medailak.
Sei kilometro pasa egin beharko dituzte korrikalariek. Herria alderik alde zeharkatuko dute.