Legazpiko Udalak ia 12 milioiko aurrekontua izango du 2023rako
Atzoko osoko bilkuran onartu zituzten urte berrirako kontuak, EAJ eta PSEren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Legazpiko Berdeak taldeko ordezkaria ez zen bilerara joan.
EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, onartuta geratu ziren atzoko osoko bilkuran Legazpiko Udalaren 2023rako aurrekontuak. Udalak 11.936.347 euro izango ditu hurrengo urteari aurre egiteko. Legazpiko Berdeak taldeko ordezkaria ez zen bilerara joan.
Aurreko urteko aurrekontuaren aldean, %5,3 igo da aurtengoa. Legazpiko Udalak inoiz izan duen aurrekonturik altuena da.
Udalak hiru arlotan banatu du 12 miloi horien banaketa: %461 Herritarren arlorako izango da, % 34a Lurralde arlorako, eta %20a Antolaketa arlorako.
Arloz arlo
Herritarren arloa, bere aldetik, hamaika programetan banatu du, eta horien artean gizarte laguntzenak 2.282.498 euro jasoko ditu eta kirolenak 1.196.055 euro. Atzetik doaz Hezkuntza (632.696,00), Kultura (495.464,00 euro), Jaiak (224.800 euro), Gazteria (219.690), Euskaltegia (197.235), Euskara (123.255 euro), Turismo (58.896 euro), Enplegua (50.000) eta Merkataritza (35.000 euro).
Lurralde arloa ere beste 11 programetan dago banatuta: Bide publikoak (705.000 euro), Hondakinen kudeaketa (701.000 euro), Segurtasuna eta orden publikoa (661,939 euro), Kale garbiketa (593.366 euro), Hirigintza (337.773 euro), Parke eta lorategiak (277.775 euro), Landa garapena (234.398 euro), Kale argiteria (217.000 euro), Junetorri eta taxi zerbitzua (156.930 euro), Ingurumena (89.319 euro), eta Hilerria (36.000 euro).
Antolaketa arloaren barruan, azkenik, zazpi programa zehaztu dituzte: Gobernu organoak (728.554 euro), Administrazio orokorra (609.131 euro), Politika ekonomikoa eta fiskala (467.638 euro), Herritarrentzako arreta (117.528 euro), Ustekabeak (160.000 euro), Ondarearen kudeaketa (122.501 euro) eta Zor publikoa (108.043 euro).
702.000 euroko inbertsioak
Datorren urteko aurrekontuei begira Legazpiko Udalak jarraituko duen lan ildo nagusia belaunaldiartekotasunean oinarritutako esku-hartze soziala izango da, eta horrekin batera, baita inbertsioak ere. Inbertsioetarako 702.000 euro aurreikusi ditu, eta honako proiektu hauetan banatuko du dirutza hori: Itxaropen haur-eskolako parkean, ur-zurrusten parkean, txakurrentzako parke itxian, Plazaolako garajeetarako sarbidean, kiroldegiko kantxako zoruan, futbol zelaiko eta kiroldegiko kantxako markatzaile elektronikoetan, Ezkurrenean, Domingo Agirre eskolako pilotalekuko teilatuan, eta Haztegi ikastolako igogailuan.