Olaberrian etxebizitzaz inkesta egingo dute, beharrak ikusteko
Hamasei urtetik gorako herritarrei galdetegi bat betetzeko deialdia egin die, zer etxebizitza-behar dauden jakiteko, eta kezkak, iritziak eta aurrea begirako ikuspuntuak jasotzeko.
Olaberrian etxebizitzaren arloak daukan egoera aztertzen hastera doa udala —EH Bilduk bere proposamena izan dela azaldu du—. Hamasei urtetik gorako herritarrei galdetegi bat betetzeko deialdia egin die, zer etxebizitza-behar dauden jakiteko, eta kezkak, iritziak eta aurrea begirako ikuspuntuak jasotzeko.
Interneten, https://labur.eus/ olaberria_galdetegia plataforman bete daiteke galdetegia. Paperean beteta, udaletxean edo Ihurreko jubilatu elkartean utz daiteke. Urtarrilaren 15a da epea.
Helburuak
Bost helburu nagusi ditu ekimenak: etxe hutsen kopurua zehaztea eta bere ezaugarriak identifikatzea; herritarren egoera ezagutzea eta behar nagusiak identifikatzea; herritarren espektatibak eta pertzepzioak aztertzea, udalerriaren eta etxebizitzaren inguruan; udalak gara ditzakeen egitasmoak baloratzea; eta etxebizitza eredu berriak sortzearen egokitasuna eta bideragarritasuna arakatzea.
Azterketa zabalago baten parte da. Lehenengo fasean, Aztiker aholkularitza enpresak azken urteetako erroldaren altak, bajak, sexua, jaiotza datak eta lekuak eta jatorri ezberdinen inguruko diagnosia egin du.
Bigarren fase honetan, galdera-sorten inkestak herrian zabalduko dira. Herritarrekin elkarrizketak egingo dituzte, otsailera bitarte.