Pirritx, Porrotx eta Marimotots Ordizian abenduaren 29an
'Urteak bete, abenturak bizi' ikuskizuna egingo dute Majori kiroldegian, bi saiotan. Sarrerekin bildutako dirua Ziburuko eta Urruñako ikastolentzat izango da, hornikuntza lanetarako.
Urtero bezala, Pirritx, Porrotx eta Marimotots bidelagun izango dituzte Lapurdiko eta Goierriko ikastolek, Urruñako eta Ziburuko ikastolen alde urte amaierarako elkarlanean antolatu duten jaialdian. Pailazoek abenduaren 29an egingo dute emanaldi bikoitza Ordizian, eta sarrerekin bildutako dirua Ziburuko eta Urruñako ikastolentzat izango da, hornikuntza lanetarako.
Urteak bete, abenturak bizi ikuskizuna eskainiko dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, Majori kiroldegian. Bi saio egingo dituzte, 16:00etan lehena eta 18:30ean bigarrena.
Bi urte egon da jaialdia ospatu gabe, baina aurten berriro elkartuko dira Lazkaoko, Ordiziako eta Beasaingo ikastoletako eta Urruñako ikastolako ikasleak kantuan eta dantzan. Badira 26 urte Goierriko eta Ziburu eta Urruñako ikastolek elkarlana hasi zutela, Iparraldean euskara eta euskal kultura sustatzeko.
Sarrerak salgai
Ordiziako bi saioetarako sarrerak salgai daude, bederatzi euroan eta hainbat lekutan eros daitezke. Ordizian, Villa Eugenia ikastolan eta Majori kiroldegian daude salgai; Lazkaon, Gerriko liburudendan; Beasainen, Antzizar tabernan; Seguran, Elorripe tabernan; Itsasondon, Kaxintane tabernan; Zaldibian, Joxepane tabernan; eta Idiazabalen, Izpar dendan.