Zaku bete oparirekin datoz
Goierriko herri guztietan egingo dira kantu eskeak eta Olentzero eta Mari Domingiri harrerak. Urretxun eta Zumarragan, eguzki berria ospatuko dute ekitaldi berezi batekin.
Abenduaren 24ko hitzorduari eutsiz, hemen dira Olentzero eta Mari Domingi. Pasa den bi urteetan egoerak bultzatuta, Gabonetako pertsonaiei eginiko ongietorriak apalagoak izan ziren, eta kasu askotan ezerezean geratu ziren. Aurten, ordea, data hauetako pertsonaia ospetsuenei etorrerak egingo zaizkie herri guztietan eta horrekin batera, kalejirak eta kantu eskeak egingo dira. Herri askotan, goizean goizetik abestera irteteko hitzordua ere egina dute. Olentzero eta Mari Domingiri harrerak ere egingo zaizkie han eta hemen.
Izan denboraren joanean galtzen diren ohitura-hondarrengatik, izan joera berriagoengatik, erlijioak bereganatutakoak nahiz naturari estu lotutakoak, goierritar askok Gabonak ospatuko dituzte, bihartik aurrera.
Eguzki berria
Urretxu eta Zumarragan, azkeneko bost urteetan, nabarmentzea merezi duen ekitaldi berezia egin ohi dute abenduaren 24an, eta hala egingo dute aurten ere Mitologiarekin eta naturarekin, arbasoen ohiturei tiraka, Eguberri, eguzki berri jaia egingo da Gabon iluntzean, Lekaio Kultur Elkarteak eta Lepaka Haur eta Guraso Taldeak antolatuta, bi udalen laguntzarekin. Festa hau suaren inguruan egiten da.
Herritarrak Zelai Ariztin elkartuko dira. Bertan, 18:30ean desfilea hasiko da. Zelai Ariztitik Legazpi kalera joango dira, handik Euskadi plazara, eta Soraluze kaletik Urretxuko Gernikako Arbola plazara joango dira. Desfilearen aurrealdean eguzkia, ilargia, Olentzero, Mari Domingi eta baserritarrak joango dira, su berria garraiatzen. Ondoren musikariak, dantzariak, erraldoiak eta bidean zehar batzen joango zaizkien herritarrak. Gernikako Arbola plazan su berriari eta Olentzero eta Mari Domingiri ongi etorria egingo diote. Horretaz gain, kontakizun musikatua egingo dute eta dantza eta bertso saioak egingo dira.
Kontakizun musikatua, dantza, bertsoak. Bukatzeko, su berria su zaharrera botako dute eta su berri horren inguruan erromeri txikia egingo dute.
Eguberri, eguzki berri neguko solstizioarekin lotzen duten ekimena da. Helburua, naturarekiko harremana eta kultura ondarea berreskuratzea da. Ezagutzea eta transmititzea. Gainera, Olentzero eta Mari Domingi pertsonaiez baliatuta, Urretxun eta Zumarragan Gabon gauean ospakizun ekintza propioa sortzea da asmoa. «Herritarrontzat berezia izango dena, gurea izango delako». Urretxuko eta Zumarragako eragile ezberdinen arteko elkarlana bilatzen da.