Ataungo organo ikasleek eta Eate koruak kontzertua dute jaian
Urteari hasiera emateko emanaldia izango da, eta, bide batez, Joxe Kerejeta Izagirre (Ataun, 1897 — 1986) organo jotzaile eta konposatzaile zena oroitzeko ekitaldia ere bada.
Eguberrietako kontzertu berezia egingo dute igandean Ataungo Tourseko San Martin elizan. Atauniker kultur elkarteak antolatuta, organoa eta ahots korua uztartuko dituzte. Urteari hasiera emateko emanaldia izango da, eta, bide batez, Joxe Kerejeta Izagirre (Ataun, 1897 — 1986) organo jotzaile eta konposatzaile zena oroitzeko ekitaldia ere bada.
Berezitasuna beste osagai batek ere emango dio saioari. Ataungo elizako organo barrokoan joan direneko bi urteotan ikastaroan parte hartu duten ikasleek joko dute. Atauniker elkartearen ekimena izan zen ikastaroa, eta organo jotzaile faltari erantzuteko asmo, nahiz haize-tresna hori jotzen ikasi nahi zuten piano jotzaileen irrika asetzeko egin dituzte.
Iñaki Sanchez organo jotzaile lazkaotar gaztea dute irakasle. Ikasleak, berriz, Lazkao, Legazpi, Ordizia eta Segurakoak dira, eta «gogo handiz» ari dira antolatzaileek azaldu dutenez.
Igande arratsaldean
Kontzertua igandean 18:00etan. hasiko da, San Martin elizan. Lehen zatia organo ikasleek osatuko dute. Andoni Marti Apalategik eta Amaia Dorronsoro Iparragirrek, eta Iñaki Sanchez irakasleak berak joko dute. Aguilera de Heredia, John Stanlei, Cabanilles, Cabezon eta Correa de Arauxoren obrak joko dituzte.
Bigarren zatian Eate abesbatzak gabon kantak abestuko ditu, Sanchez organoan dela: Diongraziaz, Aiton-amonak su epelean, Hator hator, Elurra mara-mara ari da eta Olentzero.