Goazen 9.0-ren kontzertua izango da urtarrilaren 28an Herri Antzokian, bi saiotan
Sarrerak urtarrilaren 10ean eta 11n erosi ahal izango dira, Herri Antzokian, edo online, hilaren 10etik aurrera. 16:30ean izango da lehenengo saioa, eta 18:30ean bigarrena.
ETB 1-eko Goazen 9.0 telesaileko gazteek kontzertua egingo dute Ordiziako Herri Antzokian, urtarrilaren 28an. Bi saio izango dira: 16:30ean eta 18:30ean. Azaroaren 18an hasi zen Goazen telesailaren 9.0 denboraldia, eta abenduan hasi zuten gazteek kontzertu bira. Euskal Herriko hainbat herri eta hiritara joango dira.
Basakabi udalekuetako gazteen gorabeherak kontatzen ditu Goazen telesailak. Saioa, Alain eta Gontzal dira Basakabiko ikasle berriak, eta beteranoen artean biziko dira. Haien arteko harremanak eta istorioak azaltzen ditu, musika eta dantza artean. Kontzertuan, telesaileko protagonistak aurrez aurre ikusteko eta haiekin dantzatu eta kantatzeko aukera izango dute ikusleek.
Sarrerak aurrez aurre zein online erosi ahal izango dira. Herri Antzokian urtarrilaren 10ean, 17:00etatik 19:00etara, eta urtarrilaren 11n, 11:00etatik 13:00etara, egongo dira salgai. Online, berriz, urtarrilaren 10eko 17:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira, Kutxabank-en bidez. Jarraitzaile asko ditu Goazen telesailak. 2008an sortu zuten film musikal bezala, Pausoka Entertainment ekoiztetxeak eta EiTB-k ekoitzia, eta arrakastaren ondoren 2009an Goazen 2.0 egin zuten. Bederatzigarren denboraldia egin dute jada, eta Ordizian izango dira protagonistak hilaren 28an.