Ezpalak eta Dukkha taldeek Legorretan joko dute, hilaren 13an
Legorretako Herri Antzokiak datozen hilabeteetan antzokian egingo diren hamar kontzerturen berri eman du. Lehenengoa hurrengo ostiralean izango da, urtarrilaren 13an. Ezpalak eta Dukkha taldeek joko dute.
Legorretako Herri Antzokiak datozen hilabeteetan antzokian egingo diren hamar kontzerturen berri eman du. Lehenengoa hurrengo ostiralean izango da, urtarrilaren 13an. Ezpalak eta Dukkha taldeek joko dute. Otsailaren 10ean, aldiz, Sua eta Kokein taldeen txanda izango da; martxoaren 5ean, Ines Osinaga eta Sarrionandiarena; martxoaren 31n, EH! Mertxe eta John Dealer & The Coconuts-ena; eta apirilaren 21ean, Kristonak eta Irtera taldeena.
Ezpalak Zestoan 2019an sortutako rock musika taldea da. Hiru disko argitaratu dituzte: Ezpalak, 2019an; Kolpatu Topatu, 2021ean; eta Hortz aina hots, iaz, 2022an. Juanjo Berasain da abeslaria, Eñaut Gaztañagak gitarra jotzen du, Unai Eizagirrek baxua eta Xabi Arrietak bateria.
Dukkha taldea, berriz, Andoainen sortu zen. Gaur egun Aimar Urruzonok (gitarra eta ahotsa), Ruben Requenak (bateria eta koroak) eta Eva Sierrak (baxua) osatzen dute hirukotea. Rock musika oinarri, funk, pop eta indie estiloak jorratzen dituzte, abesti mugitu zein geldoetan. 2017an argitaratu zuten lehen lana, Dukkha, 2019an bigarrena, Jainko berriak (des)eraikiz, eta abenduko Durangoko Azokan aurkeztu zuten hirugarren eta azkena: Zain.