Legazpira joan dira Santa Lutzi feriako rallyaren sari nagusiak
Santi Fernandez de Quincoces eta Mikel Bravo izan dira lehen bi sailkatuak. Rallyan 38 argazkilarik parte hartu zuten, horien artean hiru gaztetxok. Atzo egin zuten sari-banaketa ekitaldia.
Santi Fernandez de Quincoces eta Mikel Bravo legazpiarrek irabazi dituzte Santa Lutzi feriako 28. argazki rallyaren lehen eta bigarren sariak. Abenduaren 13an egin zen rallya, Argazkia elkarteak antolatuta, Zumarragako eta Urretxuko udalen laguntzarekin. Sari banaketa ekitaldia atzo egin zuten, Zelai Arizti kultur etxean, Argazkiako eta bi udaletako ordezkarien partaidetzarekin
Fernandez de Quincoces irabazleak 250 euro eta garaikurra jaso ditu, eta Bravok 200 euro eta garaikurra. Biak Legazpiko Ikatza argazkilari elkarteko kideak dira.
Rallyko hirugarren saria Zallako (Bizkaia) Jose Luis Rodriguezek irabazi du eta 150 euro eta garaikurra jaso ditu. Herriko bilduma onenaren saria, berriz, Urretxuko Mikel Iglesiarentzat izan da eta 100 euro eta garaikurra jaso ditu. Gazteen mailako irabazlea Urretxuko Raul Iglesia izan da, bigarrena Urretxuko Ruben Murciego eta hirugarrena Zumarragako Izan Gutierrez; diploma bana eta hurrenez hurren 50, 30 eta 20 euro jaso dituzte saritzat.
Santa Lutzi rallyan 38 argazkilarik parte hartu zuten, horien artean hiru gaztek. 35 partaide helduetatik hiruk ez zuten azkenean argazki bildumarik aurkeztu lehiaketara.