Mediku postua hutsik ez uzteko eskatuz sinadurak bilduko ditu Buztintegik
Osakidetzak ez omen du berriz beteko erretiroa hartu behar duen mediku baten postua. Herritarren artean kezka zabaldu da. Pentsionisten elkarretaratzean hasiko dira firmak biltzen, 9an
Sare sozialetan agertu zen albistea Gabonak aurretik, eta herrian bolo-bolo zabaldu da gaia azken asteotan. Legazpiko Osasun Zentroan lan egiten duen Izaskun Bengoa medikuak erretiroa hartu behar du laster, eta Osakidetzak ez omen du hutsik geratuko den postu hori beste mediku batekin berriz betetzeko asmorik. Osakidetzak ez du oraindik horren berri ofizialik eman, baina albistea baieztatzekotan, Legazpik mediku bat galduko luke eta horrek, kezka handia eragin du herritarren artean.
Jubilatuen eta pentsionisten Buztintegi elkartearengana ere iritsi da kezka hori, eta esku hartu behar duela iritzita, sinadura bilketa bat egitea erabaki du, mediku postu hori hutsik geratu ez dadin eskatzeko eta «Osakidetzaren jarduera salatzeko».
Astelehenean hasiko da
Hurrengo astelehenean, hilaren 9an, hasiko da Buztintegi sinadurak biltzen. Egun horretan pentsiodunek egingo duten asteleheneroko elkarretaratzea baliatuko dute zeregin horretarako. 11:30etik aurrera egongo dira Euskal Herria plazan, udaletxe parean.
«Bengoa doktorearen erretiroaren ondorioz hutsik geldituko den lanpostua Legazpiko anbulatorioan ordezkatzea eskatzen dut», dio prestatu duten sinadura orriak. Eskaera horrekin ados dagoenak bere izen-abizenekin eta nortasun agiri zenbakiarekin lagundu beharko du sinadura.
Hilabete osoan zehar egingo dute sinadura bilketa. Asteleheneroko elkarretaratzeetan egongo dira, eta Gizarte Zentroko Buztintegiren bulegoan ere bai. Sinadura bilketan lagundu nahi duenak bulego horretan orriak eskatzeko aukera ere izango du, bere kabuz bildu ditzan.
Buztintegik herriko taberna, elkarte, denda eta biztanle guztiak gonbidatzen ditu eskaerarekin bat egitera, eta sinadura bilketa honetan laguntzera, «legazpiarren osasuna jokoan» da- goelako.
Kanpainarekin amaitutakoan, jasotako sinadurak Osasun Zentrora eramango dituzte, «baita beste norabaitera ere, behar izanez gero».