Astoa instituzio Lazkaoko Astotxo Egunean
Astoa erdigunean jarrita ospatu dute lazkaotarrek itzulerako Astotxo Eguna, bi urte egin gabe egon ondoren. Gipuzkoako Enkarterri astoaren 25. festa izan da osagai nagusia, erakusketa, kalifikazio eta lehiaketarekin. Omenaldia jaso dute ekimenaren lau sortzailek. 'Egiptorako ihesa' kale antzezpenaren desagerpenaren urtean, moja zistertarren elizan meza eman du Donostiako gotzain berri Fernando Pradok.
Astotxo egun berezia izan zen atzo Lazkaon. Pandemiaren galerak ikusteko neurgailu bat izan zen, eta festa berpentsatzeko garaian, aro baten bukaera ere bai, neurri batean. Izarra eta muina, inoiz baino gehiago, astoak hartu du ordea, eta bere inguruan gorpuztu da 2023ko Astotxo ospakizuna, Lazkaon Gabonei amaiera eman dien festa.
Gipuzkoako Enkarterri Astoaren 22. Lehiaketak hartu zuen egitarauan pisu handiena. Antsoategi eta Giasel elkarteek 25 urte bete dituzte bertako euskal arraza berreskuratzeko lanean. Lorpenak agerikoak dira: orain mende laurden bat, arraza hori desagertzear zen lurraren azaletik; “hiru” asto besterik ez zeudela esan zuen atzo Giasel elkarteko lehendakari Jose Inazio Mendizabalek. Gaur egun, 140ra gerturatzen ari da kopurua, eta azienda horren guztizkotik %30 dira.
Lazkaoko plazan Enkarterri asto arrazako herrialdeko buru gehienak bildu zituzten aberezaleek, beste behin: 106. Plazan erakutsi zituzten. Kalifikazio ofiziala lortzeko asmoz 22 aurkeztu zituzten, eta 16k lortu zuten. Altuera-neurri estandarretan ez sartzeagatik geratu ziren besteak titulu ofizialik gabe. Lehenik, diana eta kalejira egin zituzten Lazkaon barrena, Beasaingo, Segurako eta Idiazabalgo txistulariek eta Azpeitiko tronpetariek lagunduta.
Lehiaketan gazte eta heldu onenak
Lau albaitari eta teknikari ibili ziren epaimahaikoan astoak ikuskatzen. Haiek aukeratu zituzten Gipuzkoako Enkarterri asto onenak ere, 22. lehiaketan. Bi sail bereizi zituzten: asto gazteak batetik, eta sari bana jaso zuten ar eta eme onenek. Helduak ondoren, hura ere ar eta eme sailkatuta.
Asto gazteak
- Eme onena: ‘Elena’ (3 zenbakia), Errezilgo Iraola baserriko Maria Jesus Galarragarena.
- Ar onena: ‘Tarzan’ (79 zenbakia), Amasako Goikoetxeazpi baserriko Gema Arratibelena.
Asto helduak
- Eme onena (30 hilabetetik gorakoak): ‘Isadora’ (22 zenbakia), Lazkaoko Larraitzetxeko Ioritz Garmendia.
- Ar onena (36 hilabetetik gorakoak): ‘Williams Iturri’ (95 zenbakia), Amasako Goikoetxeazpiko Gema Arratibelena.
Herriko eragile, elkarte eta asto lehiaketarekin kolaboratu izan duten entitateetako ordezkariek eman zizkieten sariak astozaleei. Langintza horretan aritu ziren Mario Aragon (Lazkaoko odol emaile elkartekoa), Maribi Arruabarrena (Laboralkutxa), Xabier Maiza (San Benito ikastolako zuzendaria), Elvia ahizpa (zistertar mojen komunitatekoa) eta Pakea Garmendia (Maizpide euskaltegia).
Astoaren berreskurapenaren 25. urteurrena ospatzeko, aitortza ekitaldia egin zuten bukaeran. Lehiaketa eta ekimena sortu zuten lau lazkaotar omendu zituzten: Joxpi Intxausti, Migel Mari Arakama, Joxe Manuel Bergara eta Joxe Saraola. Biloba banak Agurra dantzatu zieten, eta bertso musikatu batzuk abestu ere bai.
Kaleko giroa jartzen, bestetik, Lazkaoko eta Beasaingo joaldunak ibili ziren. Astotxo eguneko asto lehiaketaren historia jasotzeko helburuz, Arteman komunikazio etxekoak dokumentalerako irudiak grabatzen ere ibili ziren. Aurtengo urtean garatuko dute ikus-entzunezkoa, hainbat testigantza bilduta eta elkarrizketak eginda.
Gotzain berria meza emaile
Goizean, zistertar mojen Santa Ana eliza bihurtu zen Astotxo egunaren hasierako gune. Tradiziozko olatak saldu zituzten, eta salda beroa banatu zuten; euriari eta umelari aurre egiteko, jende ugari joan zen.
Meza Fernando Prado Donostiako gotzain berriak eman zuen, herriko apaizek eta beneditarrek lagunduta, baita bertan egon zen Juan Mari Olaetxeak ere. Lazkao ezaguna du Pradok; duela 22 urte euskara ikasten Maizpiden ibili zela kontatu zuen. Azken 20 urteak Madrilen igaro dituen arren, txukun eta egoki moldatu zen euskaraz.
Kantaka abesbatzak gabon abesti batzuk eskaini zituen bukaeran. Mezan izan ziren Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano eta Lazkaoko alkate Kepa Zubiarrain, besteak beste.