Zazpi lagun ospitalera eraman behar izan dituzte Majoriko kloro isuriarengatik
Gaur arratsaldean, 18:20 aldera, izan da isuri toxikoa. Suhiltzaileak, Ertzaintza eta udaltzainak joan dira kiroldegira, abisua jaso ondoren, eta berrehun lagun baino gehiago ebakuatu behar izan dituzte. Altamirako zelaietan egitekoak ziren entrenamendu guztiak ere bertan behera geratu dira.
Zazpi lagun Zumarragako Ospitalera eraman behar izan dituzte gaur arratsaldean Ordiziako Majori kiroldegian izan den kloro isuriaren ondorioz. Uretan baino, airean izan da isuria Ordiziako Udaleko iturriek aipatu dutenez. Hodiren bat apurtu den susmoa dute.
Suhiltzaileak, Ertzaintza eta udaltzainak joan dira kiroldegira, abisua jaso ondoren. Zenbait pertsona artatu behar izan dituzte kiroldegian bertan, begietan narridurak izan dituztelako, eta arnasteko arazoak ere bai. Egoera ikusita, kiroldegia ixteko agindua eman dute, eta Altamirako zelaietan egitekoak ziren entrenamendu guztiak ere bertan behera geratu dira.
Erabiltzaileei aparkalekuan geratzeko eskatu diete. Egoera baretu da jada eta larrialdi zerbitzuak alde egiten hasi dira.