Herriko biktimei aitortza egingo diete ostiralean Latxartegin
Giza eskubideen urraketen biktimek eta motibazio politikoko indarkeriak eragindako bestelako sufrimenduen biktimek izango dute lekua herritar guztiei irekitako ekitaldi horretan.
Legazpiko Bizikidetzarako Herritar Foroak udalaren eskariz antolatuta, aitortza egingo zaie datorren ostiralean, hilak 13, herriko biktimei. Aitortza Latxartegi aretoan 19:00etan hasita egingo den ekitaldian zehar egingo zaie, eta bertan lekua izango dute giza eskubideen urraketen eta motibazio politikoko indarkeriak eragindako bestelako sufrimenduen biktima guztiek.
Artea eta kultura oinarri hartuta antolatutako ekitaldi xumea izango da, gaur Kultur Etxean Herritar Foroak eta udaleko Bizikidetza Mahaiak egindako bileran aurreratu dutenez. Maria Redondo eta Mikele Arizkorreta izango dira gidariak, eta bertara “indarkeria politikoagatik sufritu duten pertsona guztiak eta euren familiak” daude gonbidatuta. Legazpiarrei ere dei egin diete aitortza horretan parte hartzeko.